Ertzaintza Egiako Kutxabankera joan da lapurreta bat izaten ari zelakoan, baina ez da ezer gertatu
Kezka piztu da Egiako bizilagunen artean goizean goiz, hainbat ertzain patruila Egia eta San Kristobal kaleetara joan baitira, Kutxabank banketxean norbait lapurtzen ari zelakoan. Kaleak moztu dituzte eta esku hartzea egiteko prestatu dira, baina azkenean ez dute ezer egin behar izan.
Ertzaintzak hedabide honi azaldu dionez, banketxeko alarmak jo du, eta “irekitzeko orduan” izan denez, hainbat patruila joan dira badaezpada. Ordea, egiaztatu dutenean besterik gabe alarmak jo egin duela, operatiboa bertan behera utzi dute, eta langileei banketxera sartzen utzi diete. Alarma martxan jarri izanaren arrazoiarengatik galdetuta, Ertzaintzak adierazi du aztertzen ari direla, baina edozein gauza izan zitekeela, “garbitzaileak nahigabe piztu izana”, adibidez.