Ez dezagun talka egin
(Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Donostiako taberna batzuetako pantaila babesleetan hegaztiak irudikatzen dituzten pegatinak jarri dituzte, hain zuzen, hegaztiek pantailen aurka talka egin ez dezaten. Tontakeria bat dirudi, baina pegatina horiei esker txori askok heriotza ziur bat saihesten dute, beste hegazti baten irudia ikustean, pantailatik urruntzen baitira. Horren erraza izango balitz koronabirusa kutsatzea saihestea, segur aski, azken urtea ez zen horren gogorra izango. Egia da, baita ere, esan ohi dela gizakia dela harri berarekin bi aldiz estropezu egiten duen espezie bakarra. Horregatik, tunelaren amaieran argia ikusten dugun garaiotan, ez dago sobran erakundeei eta herritarrei zera gogoratzea: hobeto bagaude ere, pandemia oraindik ez da bukatu. Ez dezagun berriz arduragabekeriaren pantailarekin talka egin, mesedez.


