Filmak Aldamar kalean ikusten ziren
Belaunaldi gazteenentzako, zinemara joatea oso noizean behin egiteko plan bat da gaur egun, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohiturak aldatu egin baitira. Garai batean, aldiz, herritarrak sarritan joaten ziren zinemara, eta Miramar zinema zen Donostiako ezagunenetako bat.
XX. mendearen erdialdean donostiar askok gozatzen zuten Miramar zinema aretoaz. (Argazkia: Prospectos de Cine) XX. mendearen hasieran, zinemak gero eta arrakasta handiagoa zuen gizartean, eta eskaria gero eta handiagoa zen. Horregatik, Donostian Miramar zinema aretoa irekitzea erabaki zuten 1913an.
Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen eraikina, eta Aldamar kalean eraiki zuten, Pasealeku Berriarekin egiten duen izkinan, hain justu. 697 besaulki zituen patioan eta 100 eserleku palkoetan.
Abuztuaren 1ean inauguratu zuten, eta Donostiako Orfeoiko abeslariek Secundino Esnaolaren, Nemesio Otañoren eta Aita Donostiaren pieza batzuk interpretatu zituzten irekiera ospatzeko. Ondoren, han bildutako herritarrei eskatzen zutena eman zieten, arratsaldetik gauera hainbat film proiektatuta. Filmak mutuak zirenez, Clemente Ibarguren biolinistak girotu zituen emanaldiak. Garaiko prentsaren arabera, La falsa ruleta, En el timón eta Los vencidos izan ziren Miramar zinema aretoaren lehenengo egunetan proiektatu zituzten filmak.
Ondoren, ordea, beste film asko eskaini zituzten, batzuk oso entzutetsuak. 1930eko hamarkadan, esaterako, Miramar zinema aretoko lehenengo film soinuduna proiektatu zuten: The Devil is a Woman (Josef von Sternberg, 1935).
Zinema aretoak ibilbide luze eta oparoa egin zuen urte luzez. 1970eko hamarkadan, aldiz, zinemaren gainbehera heldu zen, eta orduan Donostian zeuden hamazazpi zinemetako batzuk ixten hasi ziren. Miramar aretoak hamarkada bat gehiago bizirautea lortu zuen, baina SADEk 1987ko azaroaren 12an ixtea erabaki zuen. The Goonies (Richard Donner, 1985), Der Name der Rose (Jean-Jacques Annaud, 1986) eta Autour de minuit (Bertrand Tavernier, 1986) izan ziren Aldamar kaleko zinema aretoan ikusi ahal izan ziren azken filmak.


