Loiolako Erriberan topoa eta trena elkartuko dituen trukagailua jarriko dute
ETSren proiektuak 39,4 milioi euroko hasierako aurrekontua du, eta hiru urteko epean eraikitzea aurreikusten dute. Bi lineek bat egiten duten lekuan garraio aldaketak egin ahalko dituzte erabiltzaileek.
Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, jendaurrean jarri du Loiolako Erriberako trukagailuaren informazio azterlana. Euskotrenek ustiatutako topoaren linea eta Renfeko aldirietako linea geltoki baten bidez lotzeko proiektua da, eta bi lineek bat egiten duten tokian garraio aldaketak egiteko aukera emango die erabiltzaileei.
39,4 milioi eurokoa da hasierako aurrekontua (BEZa barne) eta 36 hilabetekoa egikaritze epea –hiru urteko epean eraikitzea aurreikusten dute–. Esan bezala, proiektuaren helburua da zehaztea nola egin Loiolako Erriberako trukagailua, topoaren Lasarte-Hendaia E-2 linearen eta trenaren C-1 linearen arteko konexioa ahalbidetzen duena. Zorroaga pasealekuan dago bi lineek bat egiten duten puntua. Gaur egun, nahiz eta topoak trenaren linea era perpendikularrean zeharkatzen duen, ez dago ez geltokirik ez geralekurik bi trenbideetako batean ere.
Eneko Goia alkateak adierazi du «pozgarria» dela hiriko trenbide sarearekin loturiko «beste aurrerapauso» baten berri izatea. «Proiektuak ahalbidetuko du topoa eta trena puntu berean elkartzea, eta hori onuragarria izango da erabiltzaileentzat». Horrekin batera, Goiak azpimarratu du trenbidea estaltzean lortuko dela Memoriaren Lorategia bere osotasunean zabaltzea.
Trukagailuaren xehetasunak
Loiolako Erriberako trukagailua egiteko alboetan bi nasa izango dituen eraikin bat eraikitzea aurreikusten dute. Eraikin horrek topoaren egungo trenbideak ekialderantz mugitzea ekarriko du, eta baita Zorroaga pasealekua mendebalderantz ere, eraikin horri lekua egiteko. Geltoki berria lur gainean egongo da. Trukagailuak Adifen trenbideen %50 estaltzea ere barne hartzen du bere nasa berrietan zehar, geltokia argiz eta aireztapenez hornitzeko eta Bartzelona hiribidetik sarbide zuzena izateko. Azken lan hori bigarren fase batean gauzatuko da, trukagailuaren eskariaren bilakaeraren arabera.
Trukagailua osatu ondoren, geltokiak bereizitako bi zati izango ditu: alde batetik, Euskotrenen nasa eta instalazioak, eta bestetik, lurpean, Adifen aldiriko trenbidearen nasa eta instalazioak. Bi aldeen artean, dagozkion korridoreak, banaguneak eta komunikaziorako eskailerak jarri beharko dira. Eraikuntza proiektuan, nasetan beharrezkoak diren larrialdi irteerak aztertu eta definitu beharko dira. Horrez gain, Adifeko nasak estaltzeak Memoriaren Lorategia Amaiurko Parkearekin lotu arte zabaltzea ahalbidetuko du. Horrela, berdegune zabala lortuko da Amara Berri eta Loiolako Erribera auzoen artean.
Alegazioak
Proiektuaren informazio azterlanari alegazioak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa da, pasa den astelehenetik hasita. Epe horretan, udalek, elkarteek eta norbanakoek alegazioak jarri ahalko dizkiote edukiari, interes orokorreko adierazpenari justifikatzen duten inguruari eta trazaduraren ikuskera orokorrari. Informazio azterlana hiru lekutan egongo da eskura aztertu ahal izateko: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren bulegoan eta webgunean, eta Donostiako Udaletxean.