Ertzaintzak hiru gazte atxilotu ditu asteburuan kaian
Istilu batzuk eta atxilotuak izan dira berriz ere asteburuan Donostian. Hain zuzen, Ertzaintzak 18, 20 eta 21 urteko hiru gazte atxilotu zituen igande goizaldean kaian, desordena publikoen delitua leporatuta.
Ertzaintzaren arabera, 6:00ak aldera bizilagun batek 112 telefono zenbakira deitu zuen, “hainbat pertsona borrokan ari zirela eta gazte bat zaurituta zegoela esanez”. Hainbat patruila joan ziren, eta han zeuden pertsona batzuk ertzainei “botilak botatzen” hasi ziren. Agenteek beste patruila batzuen laguntza eskatu zuten, eta horiek ere “berdin hartu zituzten”. Horrela, “istiluen kontrako materiala erabili behar izan zuten, egoera kontrolatzeko”.
Aipatu gazteak atxilotu zituzten istiluen ondorioz, eta desordena publikoen delituaz gain, 18 urtekoari lesioen eta kalteen delitua ere leporatu zioten. 20 urtekoari, aldiz, kalte delitua egotzi zioten. Gazte batek zaurituta bukatu zuen, eta ertzainek ospitalera eraman zuten. Ertzain bat ere zaurituta atera zen, aldakan kolpe bat hartuta.

