Arrauna

Aurreneko asteburuan, Arraun Lagunak ligako sailkapenean lehenengo

arraun lagunak Arraun Lagunak, lehen jardunaldiko estropadan. (Argazkia: Euskotren Liga)

Asteburu honetan hasi dira TKE eta Euskotren ligak Galiziako uretan. Coruñako banderaren bi jardunaldietan, Arraun Lagunak izan da emaitza onenak lortu dituen talde donostiarra. Hala ere, ez du banderarik ekartzea lortu, nahiz eta lehen jardunaldian lehen izan zen.

Lehen jardunaldian, larunbatean, Arraun Lagunaken nesken ontziak estropada irabazi zuen, eta lau puntu eskuratu zituen. Donostiarra izan zen bigarren, eta hiru puntu eskuratu zituen. Orio eta Hondarribia izan ziren hurrengoak. Bigarren jardunaldian, igandean, Arraun Lagunak eta Orio parez pare ibili ziren estropada osoan zehar, eta helmugako lerroa batera zeharkatu zuten. Azkenean, photophinisharen arabera, Oriok irabazi zuen estropada, 0.04 segundoko aldearekin. Hala, Arraun Lagunak bandera gabe geratu zen, baina ligako sailkapenean lehen postuan amaitu du lehen asteburua, zazpi punturekin; Donostiarra hirugarren da, bost punturekin.

TKE ligan, Donostiarraren ontzia lehen jardunaldian laugarren geratu zen, eta bigarrenean, berriz, bosgarren. Hala ere, talde batzuek emaitza irregularrak izan dituztenez asteburuan, hirugarren postuan da ligan Donostiarra, hamazazpi punturekin. Santurtzi dago lehen postuan, 22 punturekin, eta Zierbena bigarren, hemeretzirekin. Santurtzik irabazi du Coruñako bandera.

KAE2 ligan, Sestaoko baderako estropada egon zen atzo, eta Donostiarra seigarren geratu zen. Bosgarren daude ligako sailkapenean, hogei punturekin. Mutriku dute aurretik, eta atzetik, berriz, Deusto.

HITZAkide HITZAkide