Lanpostuen "suntsiketa" salatzeko lanuztea egin dute Cementos Rezolako langileek
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Añorgako Cementos Rezolako (Italcementi Group) langileek lau orduko lanuztea egin dute gaur goizean. 07:00etatik 11:00etara lantegia gelditu dute. “Negoziaketa mahaia eratu zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, zuzendaritzak lanpostuak suntsitzeko duen estrategia dela eta, negoziaketak ez du aurrera egiten”, azaldu du enpresa batzordeak.
Hain zuzen ere, duela urte eta erdi baino gehiago eratu zen Añorgan dagoen lantegiko hitzarmena negoziatzeko mahaia. Guztira hemeretzi bilera egin dituzte, horietako hamaika azaroa eta uztaila bitartean. “Tamalez, enpresak erakutsitako negoziaketarako borondate eskasak ez du aurrerapauso handirik egotea ahalbidetu”, azpimarratu dute. Enpresaren nahia lanpostu kopurua murriztea dela gaineratu dute: “Horrekin batera, azpikontratazioa eta lanaldien malgutasuna handitu dute; hau da, prekaritate gehiago”.
Enpresa saltzeko zurrumurrua “etengabekoa” izan dela dio enpresa batzordeak. “Orain zuzendaritzak berak aitortu du ez duela aukera hori baztertzen. Egoera honen aurrean lanpostuen defentsa ezinbesteko aldarrikapen bihurtzen da”.
Lanuzteak eta mobilizazioak
Langileek denbora daramate enpresa aurrean mobilizazioak egiten. Gainera, ekainaren 7an egindako lanuzteari jarraipena eman diote gaur, eta gehiago egiteko aukera ez du baztertzen enpresa batzordeak:”Argi eta garbi adierazi dugu lan baldintza zehatzez hitz egin baino lehenago, hauek zein langile kopururi eragingo dieten zehaztu eta babestu behar dela. Norabide horretan, zuzendaritzaren jarreran aldaketarik eman ezean, mobilizazio eta lanuzteekin jarraituko dugu”.