Altuna y Uria eta Acciona enpresek eraikiko dituzte Altzako kiroldegiko kanpoko igerilekuak
Donostiako Udalak Altzako kiroldegiaren kanpoko igerilekuak eraikitzeko lanak adjudikatu ditu. Altuna y Uria eta Acciona enpresek osaturiko aldi baterako elkartea arduratuko da obraz 1,9 milioi euroren truke. Zortzi hilabeteko epea izango dute lan horiek egiteko, eta ondo bidean igerilekuak 2022ko lehen hiruhilekoaren bukaeran bukatuta egotea aurreikusten du udalak.
Adjudikazio honekin, kiroldegi berriaren lanekin bukatzeko “aurrerapausoa” eman duela nabarmendu du Eneko Goia alkateak: “Lanek aurreikusitakoaren arabera aurrera jarraitzen dute. Duela egun batzuk kiroldegiaren eraikina hornitzeko lehiaketa argitaratu zen, eta hurrengo egunetan gimnasioko makinak alokairu sistema bidez erosteko lehiaketa argitaratuko du”.
Igerilekuen xehetasunak
Bi gune zirkular izango dituzte igerilekuek, diametro eta sakonera desberdinekin. Hain zuzen ere, igerilekuek 110 eta 140 zentrimetro arteko sakonera izango dute. Gainera, sartzeko eskailerak eta arrapala izango dute. Era berean, igerilekuen inguruam solariuma kokatuko dute. Solarium hori 120 zentimetroko altuerako baranda batekin bereiziko da, araudiak horrela ezartzen duelako. Horrez gain, ur jolasgune bat jarriko dute igerilekuen ondoan.