Coruñako hilketa homofoboa salatu dute Donostian
Hamarnaka pertsona elkarretaratu ziren atzo Bulebarrean, Samuelen hilketa gaitzesteko. (Argazkia: '@PoderPopularWeb') Gehitu elkarteak eta LGTBI+ kolektiboko beste hainbat eragilek deituta, hamarnaka lagun Bulebarrean elkarretaratu ziren astelehenean, Coruñako (Galizia) Samuel gaztearen hilketa homofoboa gaitzesteko. Erasoen aurrean transmaribollok autodefentsa lelopean mobilizatu ziren, eta ozen oihukatu zuten ez dituztela eraso homofobo gehiago onartuko. Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste hainbat hiritan ere egin zituzten halako mobilizazioak.
Larunbateko gauean hil zuten Samuel. Haren lagun bat bideodei bat egiten ari zen, eta inguruan zeuden gizon batzuk jarrera bortitzarekin joan ziren lagunarengana, haiek grabatzen ari zelakoan. Samuel gaizki ulertua argitzera gerturatu zen, baina gizonek irain homofoboekin erantzun zioten. Kolpe batez lurrera bota zuten, eta lurrean egonda, jipoitzen jarraitu zuten. Handik bi ordura zendu zen, jipoiaren ondorioz. Espainiako Polizia Nazionala lekukoak eta susmagarriak galdekatzen ari da, baina oraindik ez du inor atxilotu.


