Gipuzkoa plazako beltxargak "lau hilabeteko krudelkeria" jasaten ari direla salatu dute

beltxarga Gipuzkoa plazako beltxargak.Parkea Bizirik

“Udal gobernuak Gipuzkoa plazaok beltxarga emeari arrautza faltsuak txitatzera ezarritako kondena beste hilabete batez luzatu dio, eta dagoeneko zigorraren hiru laurdenak bete ditu”. Hala diote Parkea Bizirik eta Eguzki elkarte naturzaleek Gipuzkoa plazako beltxargen aferaren harira, eta erakundeei “ezagutza teknikoak” helarazteko prest agertu dira, “erabaki krudel eta okerrak zuzentzeko”.

Parkea Bizirikek eta Eguzkik joan den astean salatu zuten Donostiako Udalak aipatu beltxargei jarritako arrautzak igeltsuzko batzuengatik aldatu zizkiela, eta emeak “bi hilabete eta erdi” zeramatzala arrautza horiek modu hutsalean txitatzen. Azaldu zutenez, apirilaren hasieran jarri zituen arrautzak, eta baldintza normaletan, 35-40 egunetan jaio ohi dira beltxargen txitak. Ordea, udalaren aldaketa medio, emeak bi hilabete eta erdi zeramatzan txitatzen, eta naturzaleek salatu zuten “gero eta argalago eta akituago” zegoela. Horren aurrean, udaleko Ekologia sailak prentsa ohar bat plazaratu zuen, esanez arrautzak maiatzaren 24an aldatu zizkietela beltxargei, eta, asko jota, uztailaren 26ko astean erretiratuko zituztela gezurrezko arrautza horiek. Marisol Garmendia Ekologia zinegotziaren arabera, “bigarren errunaldi bat saihesteko eta arrautzak kentzea hegaztientzako oso traumatikoa ez izateko” egin zuten aldaketa.

Beltxargen errunaldia 35-40 egunekoa izanda, ordea, igeltsuzko arrautzak uztailaren 26ko astean kentzen badituzte, emeak lau hilabete inguru pasako ditu txitatzen: apirilaren hasieratik maiatzaren 24ra benetako arrautzak txitatzen eta ordutik uztaila bukaerara igeltsuzkoak txitatzen. Horregatik, “krudelkeriarekin” bukatzeko eskatu diote naturzaleek udalari.

Izan ere, azaldu dute beltxargek ez dutela uztailean txitatzen, eta beraz, ez dela beharrezkoa arrautza faltsuak ordura arte mantentzea; gainera, nabarmendu dute espezieak ez duela bigarren errunaldi bat egiteko joera handirik erakusten normalean. Bestalde, gogoratu dute beltxargek lumak aldatu ohi dituztela uztailean eta abuztuan, eta hori “bateraezina” dela arrautzak txitatzearekin. Era berean, udan bero bolada bat izanez gero, arrautza faltsuak txitatzen dabilen emearentzat “hilgarria” izan daitekeela adierazi dute, hiru hilabete daramatzalako dagoeneko arrautzak txitatzen. Horrez gain, salatu dute beltxargei jatorrizko arrautzak kendu zizkietenean, maiatzaren 24an, “eklosionatzear” zeudela, eta udalak ez duela azaldu zer egin duen arrautza horiekin, ezta argitu ere zenbat aldiz egin dituen halako aldaketak. “Udalak bere adierazpenean “hegaztientzat arrautzak kentzeak kalterik txikiena eragitea” helburuetako bat dela ziurtatzen du. Emaitza bera lortzeko, zigorra uztailaren 28ra arte luzatzea onuragarriagoa ala kaltegarriagoa den, zuzen galdetzen diogu”, gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, proposatu dute beltxargak euren jatorrizko eremuetara eramateko: “Plymouth (Ingalaterra) eta Wiesbaden (Alemania), Donostiarekin senidetuta dauden hiriak, nahi izanez gero hiru beltxargen hartzaile izan daitezke, biak baitaude beltxarga arruntaren (Cygnus olor) berezko banaketa eremuaren barruan”. Horrela, beltxargen ordez Gipuzkoa plazan basahateak sartzeko proposatu dute, espezie autoktonoa baita. Ildo horretatik, “Agur beltxargei – Kaixo basahateei izeneko jendearentzat ekitaldi akademiko bat” egiteko proposatu dute, “beltxargak gure ingurunean naturalizatzen direnean espezie autoktonorik zaurgarrienei sortarazten dizkieten arazoak azaltzeko”.

Era berean, hausnarketarako bidea ireki dute: “Edertasunaren izenean eta jendarteak ‘ze politak!’ esateko, hiru beltxarga toki txiki batean
hegalak moztuta hegan egin ez dezaten eta urteko heren batean gauez eta egunez gezurrezko arrautzak txitatzen engainatuta izatea, merezi duen galdetzen dugu”. Eta gogoratu dute Eusko Jaurlaritzaren Animaliak Babesteko legearen bigarren artikuluak zera dioela: “Debekatuta dago animaliei tratu txarrak eragitea edo arrazoirik gabeko sufrimendua, kalteak eta larritasuna eragin diezaiekeen edozein praktika egitea”. Ordea, salatu dute hori ez dela betetzen ari: “Gure ezagupenez egiaztatu dugu uztailaren 28ra arte inkubazio hutsalaren zigorra luzatzeak ez duela zorroztasunik ezta gaitasun tekniko eta profesionalik ere”.

HITZAkide HITZAkide