2020an 122 establezimendu galdu dira Donostian, Hiri Ekonomiaren Barometroaren arabera
2020an, Donostiako jarduera ekonomiko, kultural eta sozialak pandemiagatik baldintzatuta egon ziren, ordura arteko joera positiboa aldatuaraziz. Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziaren esanetan, tamalez Donostiako ekonomiak mugikortasunaren eta gizarte jardueren murrizketen ondorioak jasan ditu. Baina lehengo hazkunde bidera itzultzea espero dute.
Hainbat arlo aztertu dituzte hiriko ekonomia ezagutzeko: ekonomia eta enplegua, berrikuntza, merkataritza, biztanleria, mugikortasuna eta auzoak.
Ekonomiari dagokionean, 2020an Donostiako barne produktu gordina %6,8 jaitsi da, eta establezimenduen kopuruak %2,1 egin du behera, batez ere zerbitzuen sektorean (10etik 8 galdu). Enpleguan, 8.932 pertsona egon dira lanik gabe, aurreko urtean baino 1.532 gehiago. Langabezia-tasa %9koa izan da, eta langile afiliatuak 116.037. Baina kontuan izan behar da ERTE batean egondako langileak Gizarte Segurantzan jarraitu dutela.
Berrikuntzan, I+G sektorean ez da ia aldaketarik egon, 241 milioi euroko gastua izan dute, Gipuzkoa guztikoaren %37,5a. 5.336 pertsonek egiten dute lan horrelako jardueretan, eta sektorea %0,5 hazi da 2020an. Ondorioz, esan daiteke Donostia erreferente gisa finkatu dela sektore honetan.
Merkataritzari dagokionez, establezimenduak galdu dira, 122 gutxiago 2019an baino. 9.407 pertsonak egiten dute lan merkataritzan, 2019an baino %3,9 gutxiago. Ostalaritzan, 1.436 establezimendu daude orain, 4 galdu dira. Biztanlerian ez da aldaketa nabarmenik izan, baina nabarmentzekoa da biztanleriaren zahartzea: 65tik gorakoak 15 urte baino gutxiagokoen doblea dira. Auzoka, Txomin Eneak bizilagu berriak hartu dituenez, Loiolan handitu da gehien biztanle kopurua. Galdu, ordea, Altza, Gros eta Antiguak galdu dituzte biztanle gehien. Bestalde, auzoetako batez besteko adina 46,2 urtekoa da.
Pandemia dela eta, iazko urtean auto pribatuaren erabilea %46,6 igo zen, dbusek bidaiariak galduz (%40 gutxiago). Bizikletaren erabilera ere ugaritu egin zen, %14,2 gehiago.