Carla Luna abeslari donostiarrak ‘Perra Diva’ abestia aurkeztu du
Abesti hau udazkenean argitaratuko duen diskoaren lehen kantua da
Carla Luna abeslariak bere buruaren bertsio berriak eta gustatzen zaizkion soinuak esploratzen jarraitzen du. Orain dela gutxi ‘con mi culo no’ abestiarekin harritu gintuen, eta orain ‘perra diva’ abestiarekin datorkigu. Pop, disco, r’n’b eta neo-soul estiloen artean mugitzen da, eta gustuko du bere bertsio desberdinak erakustea eta etiketarik ez jartzea gauzei.
Abesti berri honek bakoitzari bere bitxitasunak erakutsi ditzan animatzen dio. Bulling-aren aurka egitea du helburu, eta arrarotasunengatik gutxietsita sentitu direnei ikuspena ematea. Andres Navascuez pianistak eta Dan Nissenson produktoreak ekoitzitakoa da abestia, eta bideoklip izugarri batekin lagundurik dator. Bertan, David Denaro, Arriguri eta Badator estudioak egin dute lan.
Emakume gogor eta indartsu baten irudia aurkezten du Carla Lunak, eta bere askotariko estiloek dantzan jarri zaitezen eragingo dute. Ahots leuna baina gogorra du, eta abestien letrak zuzenak eta zintzoak dira.