Eusko Jaurlaritzak bere horretan mantenduko ditu indarrean dauden neurriak
Labiren Aholku Batzordea goizean bildu da, eta Iñigo Urkullu lehendakaria 11etan da erabakien berri ematera ateratzekoa, baina albiste agentziek aurreratu dutenez, koronabirusaren aurka indarrean dauden neurriak bere horretan mantentzea erabaki dute.
Azken asteotan birusak izandako bilakaera txarraren datuak mahaigaineratu dituzte Labiaren Aholku Batzordean, eta Bizi Berri IV plana ere aztergai izan dute. Planaren hiru agertokietan tentsionatuta daude EAEko hiru lurraldeak, eta beraz, aukera legoke gaueko aisialdiari ordutegi eta edukiera mugak jartzeko. Hala ere, albiste agentzien arabera, neurriak ez gogortzea erabaki dute. Horrela, ostalaritza establezimenduek 02:00etan ixten jarraitu ahalko dute, eta mahai bakoitzeko sei pertsonaren muga mantenduko dute, orain arte gertatu den moduan. Elkarte gastronomikoek ere irekita jarraituko dute, eta kiro ikuskizunetan publikoa egon ahalko da, edukiera mugatuta.
Horrez gain, lehendakariak nabarmendu du dekretu batean jasoko dutela “festak eta ez festak” eta kaleko edana debekatzea, jende pilaketak sortzen dituztelako. Eusko Legebiltzarrak joan den ekainean onartutako pandemiaren aurkako legeak jasotzen du halakoak debekatzea, baita halakoak zigortzeko araubidea jaso ere; hain zuzen, neurriak betetzen ez badira, isunak jarriko dituztela iragarri du. Hala ere, herritarrak “erantzukizunez” jokatzera deitu du: “Herritar guztiei dei egiten diegu zorroztasunez, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzera, norberarengandik hasita”. Eta gogoratu du arriskua “gehiegizko interakzio sozialean” dagoela bereziki.
Labiren Aholku Batzordea hilaren 22an bilduko da berriz, aipatu neurri horiek guztiak berrikusteko, eta hala badagokio, beste erabaki batzuk hartzeko.