Jarduera eskaintza zabala egongo da uda honetan Ulian
Naturaz gozatzeko leku ezin hobea da Ulia. Baina aurtengo udan are gehiago, Uliako Interpretazio Zentroan jarduera ugari antolatu baitituzte. Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunaren esanetan, iazko udaren hasieran pandemiaren neurri murriztaileak lasaitu zirenean argi geratu zen jendeak leku lasaiagoetara joateko joera hartu zuela, beraz jarduera autogidatuak eskaintzea pentsatu zuten. Esaterako, Uliako orientazio iraunkorreko zirkuituak eta mendian zeharreko ibilbideak, ingurumen, historia eta kultura aberastasuna ezagutzeko.
Aurtengo abuzturako Maritxuren sekretua (altxorraren bila jolasa) antolatu dute. Joko honek arrakasta izan ohi duenez, Ulian ere jolasteko aukera izango du nahi duenak. Arrastoei jarraituz, Maritxuk, Ulia mendiko zaintzaileak, utzitako altxorra aurkitu beharko da. Horrez gain, Izadi kapitaina ere ezagutu ahal izango da. Jolas hau uztailaren 18an izango da 12:00etan eta 13.00etan, eta Ulia mendia mehatxupean daukan arrisku batetik babestu beharko dute haurrek Izadi kapitainaren laguntzarekin.
Baina ez dira soilik haurrentzat jarduerak egongo, adin guztietako publikoarentzat egongo dira. Libera gunea egongo da. SEO BirdLife eta Ecoembesek bultzatutako Libera ekimenaren barruan, Ulia Interpretazio Zentroa Libera gune bihurtuko da. Horrela, ingurunearen garbiketa egiteko materiala eskura jarriko dute, eta jasotakoa interpretazio zentrora ekarriz gero, beraiek kudeatu eta sailkatuko dute.
Bestalde, uztailaren 6tik irailaren 12ra arte Klima-aldaketa, hau komeria erakusketa irekiko da Ulia Interpretazio Zentroan, arazoari aurre egiteko moduak proposatuz.
Ulia interpretazio Zentroarekin konektatzeko, zabalik dago asteartetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00era. Telefonoa 618674655 da eta eposta uliazentroa@donostia.eus.