Udaltzaingoan, hizkuntza eskubideen aferan, atzerapausoak ematen ari direla salatu du EH Bilduk
Uda honetan ere Donostiako Udalak 70 poliziako errefortzua eskatu du Udaltzaingorako, eta EH Bilduk salatu du “beste urte batez” errefortzuko agente hauek ez dutela euskara jakin beharko. Hau dela eta, erabaki honek hiritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu du koalizio abertzaleak, eta gehitu du polizien euskara ikasteko eskubidearen aurka ere egiten duela. Izan ere, Udaltzaingoko sindikatuek jakinarazi dutenaren arabera, Udaltzaingoaren zuzendariak kendu egin die agenteei lanorduetan euskara ikasteko aukera, baita lanorduetatik kanpo egindako ikastorduak konpentsatzeko aukera ere.
Eskubide hori 2021/2022 ikasturterako Donostiako Udaleko langileen euskara ikastaroetara joateko araudian jasotzen dela azpimarratu du EH Bilduk, baita Udaltzaingoaren araudian bertan ere.
“Donostiako Udal Gobernuak bi urte izan ditu udan udaltzainak kontratatzeko lan-poltsa bat irekitzeko, Irunen, Arrasaten eta Zarautzen egin duten moduan, baina ez egitea erabaki du, eta behar diren azalpenak eman beharko ditu”, salatu dute prentsa-ohar baten bidez.
Egoera honetan, koalizio abertzaleak Udaltzaingoaren zuzendariari, Mikel Gotzon Santamariari, agerraldia egitea eskatu dio. Bestalde, Euskara zinegotziari galdetuko diote ea zergatik ez duten bete 2019ko uztailaren 24ko osoko bilkurak “lan-poltsetarako ezarri beharreko hizkuntza-irizpideak eta salbuespenezko baldintzak zehazteko egindako eskaera”.