Herrerako tren geltokiaren lanetan segurtasuna bermatzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiak mozio bat erregistratu du Renfek Herrerako tren geltokiko lanetan segurtasuna bermatu dezan. Oinezkoen pasabide irregularra blokeatzeko hesia jartzeko eskatu diote. Uztaileko udalbatzarrean jorratuko dute gaia. “Auzoko bizilagunak kezkatuta daude geltokia hobetzeko lanak egiten ari diren bitartean segurtasun faltagatik; izan ere, batzuek trenbidea oinez zeharkatzen dute, horrek dakarren arriskuarekin”, azaldu du udal taldeak.
Aurreikuspenen arabera, lanak 2022ko apirilera arte luzatuko dira. Hori dela eta, Marta Huarte Elkarrekin Donostiako zinegotziak segurtasun neurriak hilabeteko epean jartzea eskatu du. “Ezinbestekoa da ezbehar bat gertatu aurretik, langileek lanaldia amaitu ondoren, hesiak edo babesak jartzea, behar bezain indartuta, oinezkoak bideetatik igaro ez daitezen”, azpimarratu du Huartek.