Urrezko Kopak sailkapen fasea izango du aurten, eta larunbatean egingo dute
Urrezko Kopako aizkolariak Trinitate plazan. (Argazkia: Irutxuloko Hitza) Aste Nagusirik egongo ez bada ere, Urrezko Kopa aizkolaritza txapelketa egingo dute aurten ere Donostian. Normalean, aurreko urteko Euskadiko Txapelketako lehenengo bost postuetan geratutako aizkolariak lehiatzen dira Urrezko Kopan, baina aurten ez da posible, pandemiak herri kiroletako txapelketen egutegian duen eraginarengatik.
Horregatik, “uneko aizkolari onenen artean” sailkapen fase bat egitea erabaki dute. Larunbatean, hilaren 10ean, izango da, eta aizkolari bakoitzak 54 ontzako zazpi enbor moztuko ditu. Proba seiko bi txandatan egingo da, eta zozketa bidez aukeratuko dute ordena. Julen Alberdi (Azkoitia), Aitzol Atutxa (Bilbo), Iñaki Azurmendi (Beasain), Eloy Corchero (Araia), Mikel Larrañaga (Azpeitia), Julen Larrea (Barakaldo), Ugaitz Muguerza (Mutriku), Jexux Mari Mujika (Ibarra), Eneko Otaño (Beizama), Jon Rekondo (Leitza), Juan Rodriguez (El Espinar) eta Iker Vicente (Otxagi) aizkolariek hartuko dute parte.
Trinitate plazan egingo dute lehiaketa, eta ikusleen edukiera mugatua izango da. Sarrera orokorrak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 9,5 euroan. Erretiratuentzako prezio murriztuko sarrerak, aldiz, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan daude salgai. Larunbatean bertan sarrerak gelditzen badira, Antzoki Zaharreko leihatilan jarriko dituzte salgai.


