Bill Coleman izan zen Bigarren Jazzaldiko izarra
1966. urtean egin zen lehenengoz Donostiako Jazzaldia, irailean, eta hurrengo urtean orain arte mantendu den hilabetean egiten hasi ziren: uztailean. Urte horretan Bill Coleman izan zen jazzaldiko aurpegirik ezagunena.

Donostiako Jazzaldia 1966. urteko irailaren 10ean hasi zen, eta ordutik gaur egun arte iraun du festibal honek. Espainiako Estatuko jazz jaialdirik zaharrena da, eta Europako zaharrenetarikoa. 1967. urtean uztailean egiten hasi ziren, eta gaur egun ere urteko zazpigarren hilabetean egiten da ekitaldi hau.
1967. urtean amateur musikariak gailendu ziren uztailaren 21etik 23ra, baina kontzertu nagusia Bill Coleman tronpetistak eta Stuff Smith biolinistak eman zuten. Trinitate plazan egiten ziren orduan kontzertu guztiak.
William Johnson Coleman, Bill Coleman izenez ezaguna, Amerikako Estatu Batuetako Kentucky estatuko Paris herrian jaio zen, 1904. urtean, baina Coleman Cincinnatin hezi zen. Klarinetea eta saxofoia jotzen hasi zen batez ere, baina tarteka tronpeta jotzen zuen.
1927an New Yorkera joan zen Coleman, Scott anaiekin batera, eta hainbat taldetan aritu zen urte horietan. Handik urte batzuetara, Europara bidaiak egiten hasi zen, eta Coleman txundituta geratu zen; izan ere, kontinente zaharrean AEBetan jasotzen ez zuen aitortza jasotzen zuela sentitu zuen.
Hau dela eta, Europan egonaldiak egiten hasi zen. 1940. urtean Kairon egin zuen egonaldi bat, baina AEBetara itzuli zen. 1948. urtean, Frantziara bizitzera joan zen betirako, besteak beste, bere jaioterrian pairatzen zuen arraza-bereizketa zela eta. 1981. urteko abuztuaren 24ean, Bill Coleman Toulouseko ospitale batean hil zen, bihotzeko arazoak zirela eta. Hiru egun lehenago, ospitalera zeramatenean, lagun bati «nire tronpeta gabe, galduta nago» esan zion.