Estropadaz beteriko asteburua Donostian
Arraun Lagunak, lehen jardunaldiko estropadan. (Argazkia: Euskotren Liga) Larunbat honetan traineruz beteko da Kontxako Badia; izan ere, goizez eta arratsaldez hainbat mailatako estropadak egingo dira Donostian. Goizean, ETE ligako estropada egingo da 10:15ean, eta KAE2 ligako estropada, berriz, 11:00etan. Azken honetan Donostiarra B ontziak hartuko du parte.
Arratsaldean lehen mailako ligen txanda izango da. 17:40 Euskotren ligako estropada egingo da: Arraun Lagunaken eta Donostiarraren traineruek hartuko dute parte hemen. 18:13ean, berriz, Eusko Label ligaren txanda izango da: Donostiarraren ontziak hartuko du parte, ohorezko txandan.
Igandean, Donostiarra B ontzia Zumaiako Bandera irabazten saiatuko da, eta Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziak, Donostiarraren biak eta Arraun Lagunakena, Zierbenan arituko dira. Arraun Lagunak Euskotren ligako sailkapenaren lehen postuan dago, joan den larunbatean estropada irabazi eta igandean bigarren egin ostean.
Atletismoan, Aitana Rodrigo Donostiako Atletikoko atleta bizkaitarra 100 metrotan kanpoan geratu da, baina igandean 4×100 metrotan hartuko du parte, 23 urtez azpiko Europako Txapelketan, Tallinen (Estonia).
Ur biziko piraguismoan, 23 urtez azpiko eta gazte mailako Munduko Txapelketara Donostiako Atletikoko zortzi piraguista joan dira, eta zortzirak pasa dira finalerdietara.
Aulki mugikorreko arraunean, Koxme Burutaran donostiarrak ez du finalerdira sailkatzea lortu 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan, eta arratsaldean izango du C finalera sailkatzeko estropada.


