Egoerara egokitutako San Inazio eguna ospatuko dute Loiolan

loiolako-jaiak-2018 'Moto eta triziklo lasterketa mundiala', 2018ko Loiolako jaietan. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Pandemia dela eta, Loiolan ere ezingo dituzte jaiak ohiko moduan egin aurten, baina auzokoak ez dira etxean geldituko, egoerara egokitutako San Inazio eguna ospatuko baitute. “Aurtengoan ere egoerara egokituta eta beti elkar zaintza erdigunean jarriz. Guretzat jaiak hori baitira, ez norbere buruan pentsatzeko garai bat, ez bakarrik egoteko garai bat. Orain inoiz baino gehiago elkarren beharra dugu eta jai batzordetik San Inazio eguna ospatzeko proposamen xume baino gozagarri gatoz zuengana”, adierazi dute jai batzordekoek.

Horrela, honako egitarau hau prestatu dute hilaren 31rako, segurtasun neurri guztiak beteta:

  • 10:30ean, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen diana auzoko kaleetatik.
  • 11:30ean, haurrentzaok eskulanen ikastaroa, Latsarien plazan.
  • 13:30ean, auzoko erraldoien eta buruhandien ikuskizuna, Latsarien plazan.
  • 14:30ean, herri bazkaria frontoian. Ogi Berrin izena eman behar da, eta bakoitzak bere bazkaria (janaria eta edaria) eraman beharko du, etxetik edo tabernaren batetik.
  • Bazkalostean, bingoa eta txiste lehiaketa frontoian.
  • 18:00etan, Loiola Got Talent lehiaketa, Latsarien plazan. Parte hartu ahal izateko (taldeka edo bakarka), izena eman behar da. Ogi Berrin eman daiteke izena, edo esteka honetako galdetegia beteta: https://forms.gle/gtzfE1pDCMig96cR6.
  • 21:00etatik 00:00etara, kontzertuak egongo dira Latsarien plazan. Andoni Ollokiegik eta Herenegun taldeak joko dute.
HITZAkide HITZAkide