Kirol emaitzak

Donostiako bandera, Arraun Lagunakentzat

arraun lagunak Arraun Lagunak, Donostiako bandera ospatzen. (Argazkia: Euskotren liga)

Joan den larunbatean Donostiako bandera jokatu zen Kontxako badiako uretan, eta Arraun Lagunak izan zen banderaren garailea. Orio izan zen bigarren, Hondarribia hirugarren, eta Donostiarra azkena. Denboraldiko lehen bandera da talde donostiarrarentzat. Estropada horren ondoren, TKE ligako estropada egin zen, eta Donostiarra bosgarren izan zen. Egun berean ETE eta KAE2 ligetako estropadak ere egin ziren Donostian, eta Donostiarra B bosgarren geratu zen.

Igandean, Zierbenako uretan jokatu ziren lehen mailako ligetako estropadak; Euskotren ligan, Oriok irabazi zuen bandera, eta Donostiarra bigarren geratu zen. Arraun Lagunak izan zen hirugarrena, eta Hondarribia azkena. Orio eta Arraun Lagunak daude sailkapenaren gainean, 13 punturekin berdinduta; Donostiarra dago hirugarren, 9 punturekin, eta Hondarribia da azkena, bost punturekin.

TKE ligan, Donostiarra zazpigarren geratu zen Zierbenan, eta bandera Ondarroak eraman zuen etxera. Asteburuko emaitza hauen ostean, sailkapen nagusian laugarren da Donostiarra 31 punturekin; aurretik, Santurtzi (49 pt), Hondarribia (36 pt) eta Zierbena (35 pt) ditu.

Atletismoan, Aitana Rodrigo Donostiako Atletikoko atleta bizkaitarrak zilarrezko domina eskuratu du 23 urtez azpiko Europako Txapelketan, 4×100 metroko proban.

Ur biziko piraguismoan, gazte mailako eta 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan, Donostiako Atletikoko kirolariek emaitza onak lortu dituzte. Gazte mailan, Maite Odriozola munduko zazpigarren geratu da, K1 kategorian. Leire Goñi hamabigarren izan da, eta Haizea Segura hogeigarren. C1ean, Markel Imaz bederatzigarren geratu da, gazte mailan, eta Nora Lopez, berriz, zortzigarren.

Arraunean, Koxme Burutaran donostiarra munduko hamazazpigarren geratu da 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan.

HITZAkide HITZAkide