Loiolako Lorategi Hirian 261 etxebizitza eraikiko dituzte
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Loiolako Lorategi Hiria urbanizatzeko jarduera programa. 10,2 milioi eurokoa da aurrekontua. Udalak 65.891 metro karratuko azalera duen eremuan jarduketa integratua egingo du; saihesbidearen azpialdean dagoen aparkalekutik Urbia kaleraino, topoaren geltokia eta trenbidea dagoen tokiraino. Eremuan dauden etxebizitzak egonkortu, eta beste 261 etxebizitza eraikiko dira, horietatik 104 babes publikokoak. Gainera, ekipamendu publikoak eraikiko dituzte.
“Etxebizitza berriak eraikitzearekin batera, oinezkoentzako kale berri bat sortuko da. Hain zuzen ere, kultur etxea eta frontoiaren aurrean sortuko den plaza berritik abiatuko den kalea. Bi kirol pista berri egingo dira; bata saihesbidearen azpian, eta bestea ibaiaren ondoan dagoen bidegorriaren alboan sortuko den gune berdean”, adierazi du Nekane Arzallus alkateordeak.
Birsortzearekin eremua “nabarmen” aldatuko dela esan du Arzallusek, “tradizioa eta modernitatea” uztartuko direlako. Zirkulazioan aldaketak eragingo ditu hirigintza planak. Bide berri batek loturko ditu Loiolako hiribidea eta Astiñeneko zubia. Horretarako, biribilgune eta aparkaleku berri bat eraikiko dituzte. Horrez gain, Loiola eta Loiolako Erribera auzoen arteko lotura hobetuko dela adierazi du.