Berrikuntza proiektuak finantzatzeko hitzarmena berritu dute
Donostiako Udalak, Donostiako Sustapenaren bidez, lankidetza hitzarmen bat sinatu du Elkargirekin. Akordio horren bidez, hiriko berrikuntza proiektuak eta hazteko ahalmen handia duten proiektuak diruz lagunduko dituzte. Maileguak gehienez ere 250.000 eurokoak izango dira, eta zazpi urtetan amortizatu ahalko dira.
2017an sinatutako akordioa berritu eta hobetzea da helburua, 100.000 eurokoa zelako. “Mailegua handitzearekin, enpresa txiki edo sortu berriek finantza merkatuan dituzten arazoak konpontzen saiatzen gara, beharrezkoa den epe luzeko finantzaketa lortzeko orduan”, azaldu du Marisol Garmendiak, Sustapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziak.
Hitzarmenaren bidez, Donostia Sustapenak 150.000 euro bitarteko ekarpena egingo dio Elkargiri. Horri esker, finantzaketa gehiago egin ahalko dira, Elkargiren bermeari esker. Horretarako, enpresek oinarri teknologiko eta berritzailea duen jarduera bat garatu beharko dute edo hazteko ahalmen handia duten enpresak izan beharko dute. Beste baldintza bat da Donostia Sustapenarekin eta Elkargirekin zorrik ez izatea eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.