Hainbat ekitaldi egingo dira Karmen eta Zipotz jaietan
Gaur hasiko dira Groseko Zipotz jaiak eta bihar Añorgako eta Kaiko Karmen jaiak. Nahiz eta festak ez diren bere osotasunean ospatuko eta egitaraurik ez den egongo, zenbait ekitaldi eta jarduera egingo dira egun berezi horiei kolorea emateko asmoz.
Grosen jarduera ugari egongo dira. Hasteko, gaur, 18:00etan Mikel Egiluz DJ-a egongo da Katalunia plazan. Ondoren, 19:00etan, jaiei hasiera emango zaie pregoiarekin, eta erraldoien dantza emanaldia egongo da leku berean. 19:30ean, Eraso Sexisten aurkako argazkia aterako da bertan.
Uztailaren 16an eta 17an, II.tabernen arteko pintxo lehiaketa egin da. Irabazlea auzotarren esku egongo da, eta bakoitzak bere bozka emango dio pintxo bakoitzari. Txartela erosteko, gaur da azken eguna. Bi modutara erosi ahalko da txartela: Kixkurra eta Gaztelu txiki tabernetan, edota bizum bidez, 608 242 910 telefonora izena eta txartel kopurua bidaliz. Hamabost tabernak hartuko dute parte, eta ondorioz hamabost pintxo izango dira dastatzeko. Parte hartzeko prezioa 12 eurokoa izango da. 12:00etatik 17:00etara izango da lehiaketa. Txindoki tabernan, Ezkurra tabernan, Ipotx tabernan, Roberto tabernan, Marruma tabernan, Ama-lur tabernan eta Txangai tabernan ostiralean, eta Pagadi tabernan, Kau tabernan, Pandora tabernan, Kixkurra tabernan, Gaztelu txiki jatetxean, Casa Galicia tabernan, Rikardo tabernan eta Bidea berri tabernan larunbatean. Lehiaketaren irabazlea izendatzeko, larunbatean izango da sari banaketa, auzo elkartean, 17:30ean. Parte hartzaileek bertako postontzian bota beharko dute bozka.
Bestalde, bihar 17:00etan pala eta pilota txapelketaren finala jokatuko da Saguesko frontoian. Ondoren, 18:30ean, hitzaldia egongo da etxebizitzaren aldeko borrokaren garrantzia azpimarratzeko. 19:00etan, Ereski Abesbatza izango da Okendo Kultur Etxean. 20:30ean, Kontzertuak egongo dira Katalunia plazan: Jacobo ml eta DJ Balkiriak.
Larunbatean, haurrentzako buruhandi tailerra egongo da Katalunia plazan, goizeko 10:00etan. Apuntatzeko epea ordea, Uztailaren 8an bukatu zen. 14:30ean bazkari herrikoia egingo da Katalunia plazan. Ondoren, 18:00etan, kalejira/manifestazioa egingo da auzoan zehar, eta horren ondoren kontzertuak egongo dira: Mikel Karton, Marina Landa eta Al & Barrenetxea electronic impro ensemble. 22:00etan, Pikuak Web-seriearen emanaldia izango da Saguesko frontoian.
Igandean, egun osoan zehar artisau azoka egongo da Katalunia plazan. Horrez gain, Marruma Elkarteak antolatuta, marmitako txapelketa izango da. Katalunia plazan izango da, 11:00etan. Ondoren, 12:00etan, haurrentzako txalaparta tailerra egongo da, eta 17:00etan auzoa ezagutzeko jolasa. Katalunia plazan baita ere, Zipotz Bertso Saioa ere izango da 18:30ean. Euria egingo balu, Manteo kiroldegian izango litzateke. Iñaki Apalategi, Jon Martin, Onintza Enbeita, Joanes Illarregi, Oneka Arteaga eta Maialen Lujanbio bertsolariak izango dira. Edukiera mugatua izango da, eta txartelak erreserbatu egin behar dira aurretik grosekoeuskaljaiak@gmail.com helbidean, izena eta txartel kopurua adieraziz, ostiralerako gehienez. Txartelak 5 euro balioko ditu, baina 3 euro izango da baserritarrez jantzita joanez gero. Txartelak jaso eta ordaintzeko egunean bertan izango da, gunearen sarreran 18:00etatik aurrera.
Covid-19a dela eta, baldintzak ez dira betikoak izango, murrizketak egongo baitira. Katalunia plaza hesituta egongo da, sarrera alde batetik eta irteera beste alde batetik duelarik. Edukiera %50ekoa izango da, eta pertsonen arteko 1,5 metroak bermatuko dira. Musukoa beharrezkoa izango da momentu oro.
Añorgako Karmen jaiak
Esan bezala, jaiak ospatu ezin badira ere, zenbait ekitaldi egongo dira bihartik aurrera Añorgan jai egunak alaitzeko. Larunbatean, hilaren 16an, 12:30ean, Bertso saioa egongo da Unai eta Beñat Gaztelumendirekin. Ondoren, 13:00etan, Arkaitz dantza taldearen emanaldia izango da. Brokel Zikloa eskainiko dute, Gipuzkoako dantza tradizionalez osatutako emanaldia. Arkaitz dantza taldea Añorgako dantza taldea da. 1926an sortu zen talde hau, eta laster, 2026. urtean, 100 urte beteko dituzte.
Larunbatean, uztailaren 17an, 21:00etan herriko gazteek antzerki sorpresa eskainiko dute. Antxon Aiestaran Kultur Etxean izango da, antzoki zaharrean. Ez da sarrerarik ordaindu beharko, baina edukiera mugatua izango da. Metro eta erdiko distantzia mantenduko da, eta musukoa derrigorrezkoa izango da une oro.