Olatu artifizialen parkearen aurkako protesta egin dute Zurriolan
Antondegi Berdea osatzen duten elkarte eta plataforma guztiek olatuek itsasoan egon behar dutela aldarrikatu dute gaur Groseko hondartzan.
Itsasotik lau kilometrora, Antondegin, olatu artifizialen parke bat egin nahi dute Wavergarden enpresak eta udalak. Proiektu honen aurkako taldeek Donostian olatu artifizialik ez dutela nahi azpimarratu dute. Hondartzan aldarrikapen ezberdinak zituzten kartelak jarri dituzte, eta “Antondegi Berdea” zioen pankarta handi bat zabaldu dute uretan.
Antondegi Berdea elkarte eta plataformen elkargoak adierazi du proiektu honek surfaren praktikan eraginak izango dituela:
- Proiektuak ez dio surfisten eskaera bati erantzuten.
- Wavegarden enpresak badauka antzeko azpiegitura bat Aizarnazabalen.
- Instalazio horietarako sarrerek prezio altua dute.
- Surfaren artifizializazioa sustatzen du.
- Dudazkoa da eliteko surflarien prestakuntzan lagun dezaketeela.
- Ingurumen-ondorio oso negatiboak izango lituzke.
- Masifikazioa areagotuko luke gertuko hondartzetan.
- Aisialdirako eskaintzarekin dei-efektua egiten dute.
- Itsasoaren aldamenean zentzugabea da erabat.
Bestalde, ingurumenean ere eragina izango duela azpimarratu dute:
- Donostiako korridore ekologikoen sarea narriatzea.
- Landazabal atlantikoko ekosistema egoera onean mantentzen duen Donostiako eremu eskasetako bat degradatzea.
- Eragin negatiboa 109 hegazti-espezieri, horietako 27 Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota egonik.
- Antondegiko ugaztunen talde zabalari (18 espezie baino gehiago) kalte egitea.
- Klima aldaketaren testuinguruan, lurraren artifizializazioa eta habitat naturalen azalera murriztea Donostian.
- Jasangarria ez den eta natura-ingurunea zaintzearekin bateraezina den hirigintza eredua bultzatzea.
- Energiaren eta uraren kontsumo arduragabea trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren testuinguruan.
- Egoera onean dagoen landa-eremu baten eraldaketa, hurbileko elikagaiak ekoiztera bideratutako nekazaritza-lurrak suntsituz.
Proiektua geratzeko sinadura bilketa egiten ari dira Change.org plataforman, eta Donibane Lohizuneko, Nantesko eta Parisko esperientziak eredu dituztela adierazi dute; izan ere, Frantziako Estatuko hiri horietako proiektuak geratzea lortu zuten.
Irutxuloko Hitzak Martuteneko eremuari eta olatu artifizialen parkeari buruz idatzitako erreportaje zabala irakur dezakezu. Zurriolan ibili ohi diren surflari talde batekin ere izan da Irutxuloko Hitza, surf parkearen inguruan duten ikuspegiaren berri emateko.