"Desagertzeko zorian egotetik, Euskal Herriko ikur izatera pasa da txalaparta"
Sergio Lamuedra (Hernani, Gipuzkoa, 1973) txalaparta irakaslea da hainbat herritan. 30 urte baino gehiagoko musika ibilbidea egin du, eta txalaparta berpiztu dutenetako bat dela esan daiteke. Zurartean Txalaparta Elkartea sortu zuen, eta egun elkarte horretako irakaslea da, nahiz eta beste proiektu batzuk ere badituen. Donostiako San Bartolome kalean ematen ditu klaseak. Uda honetan udako ikastaro laburrak ere ematen ari da.
Nondik datorkizu txalapartarekiko zaletasuna?
Istorio luzea da. Ni hernaniarra naiz, eta 1986. urtean sortu ziren Hernanin eta Usurbilen Euskal Herrian aitzindariak izan ziren txalaparta eskolak. Hernanikoa Juan Mari Beltranek gidatuta eta Usurbilgoa Jesus Artzek. Nik garai hartan 14 urte nituen, eta ez nuen txalaparta ezagutzen, nahiz eta musika ikasketak izan. 1985. urtean gutxi gorabehera, eskola hasi eta segituan hasi zen ospatzen Hernaniko Txalaparta Festa. Ni hortik nenbilela, bi txalapartari ikusi eta bat-batean maitemindu egin nintzen. Ez nuen ulertzen entzuten nuena, eta harritu egin nintzen ikusita bi pertsonaren artean ari zirela. Hori izan zen lehen kontaktua txalapartarekin. Handik pixka batera, 1989. urtean gutxi gorabehera, nire kuadrilla hasi zen txalaparta ikasten, eta ni ez. Baina beraien entsegu batera joan nintzen ikastaroan zeudela, kuriositateagatik gehienbat, eta hainbeste gustatu zitzaidan txalapartarekin hastea erabaki nuela.
Ikasten hastetik klaseak ematera pasa zara. Nola eman duzu salto hori?
Oso gazte hasi nintzen. 1990eko hamarkadaren hasieran oso irakasle gutxi zeuden. Garai horretan Jesus Artze eta Juan Mari Beltran ziren irakasle bakarrak, ez zegoen beste inor. Ikasle kopuru handia hartu behar zuten, eta itxarote zerrendak ikaragarriak izatera heldu ziren. Orduan, itxarote zerrendan zeudenak niri pasatzen hasi zen Juan Mari, eta gurpil horretan hasi nintzen, ikastaroak edonon ematen: Andoainen, Azpeitian, Tuteran, Leitzan, Markinan, Berriatuan, Lekeition…
Herri horietan klaseak emateko udalak jarri izan dizkizu lokalak?
Herri bakoitzaren errealitatea desberdina da. Donostian, adibidez, txalaparta ikasteko aukerarik ez zegoela ikusita, hasieran Euskal Aktoreen Batasunaren lokalean hasi nintzen klaseak ematen, 2008. urtean. Handik hiru urtera nire inguruan bildu nituen ikasleekin batera osatu genuen elkarte bat: Zurartean Txalaparta Elkartea. Donostiako Udalarekin harremanetan jarri ginen, eta 2012. urtetik, udalak utzita, elkarteak kudeatzen duen San Bartolome kaleko lokalean gaude. Zarautzen adibidez, Musika eskolan irakasten dut, baina hitzarmen baten bitartez. Usurbilen, bestalde, Musika eskolak kontratatu nau. Arrasaten, berriz, bi urte daramazkit klaseak ematen; han beste txalaparta elkarte bat dago eta beraien bitartez egiten dut. Arrasateko udalak lokal bat utzi die, eta bertan ematen ditut klaseak. Momentu honetan lau leku horietan nabil.
Nolakoa da ikasleen profila?
Denetatik dago. Gutxien haurrak esango nuke. Adibidez, iaz eskolaz kanpoko klaseak ematen nizkien Pasaian haur batzuei. Baina aurten COVID-19aren aurkako protokoloa dela eta, bertan behera gelditu dira. Bestela, 18 urteko gazteetatik hasita erretiratuta daudenen arte esango nuke. Normalki, gehienak 18-40 urte bitartekoak dira, baina orokorrean denetatik dut. Langileak, ikasleak… ez dago profil konkreturik, oso zabala da ikasi nahi duenaren profila.
Zure ustez, zerk motibatzen du jendea txalaparta ikastera?
Jende gehiena normalean aurretik batere jo gabekoa izaten da, baina badago jende asko bere garaian ikasi zuena. Txalaparta asko garatu da, nik badut 30 urteko garapenaren ibilbidea. Orain dela 30 urte txalapartako bi edo hiru hilabeteko ikastaro bat egiten bazenuen, jada txalapartaria zinen. Gaur egun erabiltzen dugun metodoa da musika eskolan edozein instrumentu ikasteko erabiltzen den metodo berdina. Hiru ikasturte, eta ikasleak nahi duen beste luzatzen da. Izan ditut ikasleak bere garaian pixka bat ikasi zutenak. Azken urte hauetan nabaritu dut profesionalak diren musikariak gero eta interes gehiago agertzen dutela txalaparta ikasteko.
Zer dela eta esango zenuke dela orain interes hori?
Txalapartaren garapena itzela izan delako azkenaldi honetan. Txalapartak dena hartzen du. Hasiera batean, gure zaharrek ohol bat hartzen zuten, eta oso ukitu erritmikoa eta konkretua egiten zuten. Erritmoa garatu zen, eta gero harmonian sartzen hasi ginen; oholak afinatzen. Geroago, harriak erabiltzen hasi gara. Orduan arlo erritmikoaz aparte, harmoniko melodikoan sartzen zara, horrek beste instrumentuekin lan egiteko aukera ematen du. Adibidez, orain Basabi izeneko proiektuan gaude, eta partaide guztiak Musikenen ikasitakoak dira. Kontrabaxu bat, biola bat, biolin bat, harpa bat eta gu harrizko txalapartarekin. Horrela, ikusleak ikusten ari dira benetan txalapartarekin eremu askotan lan egin dezakezula. Nik uste dut hortik datorkiela azken aldi honetako interes hori.
Ez da ohikoa izaten txalaparta izatea etxean. Nola entseatu dezakete ikasleek gelaz kanpo?
Egia da muga handia duela praktikatzeko. Alde batetik, beste pertsona baten beharra duzulako. Ezin daiteke bakarrik egin, ez da komeni behintzat. Biren arteko jolasa da, eta bik egon behar dute ganorazko entsegu bat egiteko. Teknika praktikatzen saiatu zaitezke bakarrik, baina gutxi gehiago. Bestalde, zarata oso handia egiten du. Musika eskolan edo lokal batean izan behar du. Guk gure bazkideei elkarteko lokalean entseatzeko aukera ematen diegu.
Esango zenuke edozein dela gai txalaparta ikasteko?
Bai. Diziplina artistiko guztietan bezala, batzuek erraztasun gehiago dute, baina horretarako nago ni, motibatzeko eta irakasteko. Maila batean edo bestean, edonor da gai.
Nolakoak dira ikastaroak?
Urtean zehar ikasturteko klaseak ematen ditugu. Horrez gain, udara batzuetan urte osorako animatzen ez denarentzat hurbilketa moduan udako ikastaro trinkoak antolatzen ditugu. Aurten uztailerako lau orduko ikastaroa antolatu dugu adibidez. Baina hori ez dugu urtero egiten. Iaz antolatzea pentsatuta genuen, baina COVID-19 zela eta, nahiago izan genuen ez egin. Bestalde, elkarte moduan ikastetxeetan ere ematen ditugu hitzaldiak haurrentzat.
Txalaparta beti izan da euskal kulturaren pilareetako bat?
Ez pentsa. Txalaparta 1960ko hamarkadaren bukaeran ia desagertuta zegoen. Ez Dok Amairu mugimenduaren bitartez harremanetan jarri ziren aurkitu zituzten azkeneko txalaparta jotzaileekin, eta hiru bikote aurkitu zituzten bakarrik: Astigarragako Goikoetxea anaiak, Lasarteko Zuaznabar anaiak eta Donostiako Martuteneko Zabalegitarrak. Hori bai, gero berreskuratu zuten Ez Dok Amairukoek. Artze anaiak eta Juan Mari Beltran ibili ziren horretan: 1970eko hamarkadatik 1980ko hamarkadara arte plazaratzen hasi ziren txalaparta, ezagutzera emateko. 1985. urtean sortu ziren lehen eskolak. Hortik aurrera, izugarrizko gorakada izan du txalapartak. Ia edozein herritan aurki ditzakezu txalapartariak, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere bai. Jendeak pentsatzen du betidanik izan dela, baina orain txalaparta txiripaz jotzen dugu; bere momentuan berreskuratu zelako. Haiekin ikasitakoa garatzen hasi ginenetik, izugarria izan da bilakaera, nik lehen pertsonan bizitzeko aukera izan baitut bilakaera hori. Eskola asko sortu dira, eta bakoitza bide batetik joan da. Ia desagertzeko zorian egotetik, Euskal Herriko ikurra izatera pasa da txalaparta.