Hasi da hiru donostiar epaitzen ari diren 13/13 makroepaiketa
Euskal presoen abokatu izandako edo presoen elkartasun sareetan ibilitako zazpi pertsona epaitzen hasi dira astelehen honetan Espainiako Auzitegi Nazionalean, tartean, hiru donostiar. Auzipetutako batek baino gehiagok torturak salatu ditu.
![13/13 sumarioko auziperatuak](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2021/07/whatsapp-image-2021-07-12-at-10-39-48-1200x898.jpeg)
Euskal Herriko zazpi pertsona epaitzen hasi dira astelehen honetan, ETAko kidea izatea edo ETArekin kolaboratzea egotzita. Naia Zuriarrain, Arantza Zulueta, Julen Zelarain, Saioa Agirre, Jon Enparantza, Iker Sarriegi eta Nerea Redondo dira, azken hiruak donostiarrak. Fiskaltzak guztira 77 urteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete auzipetuei. Juan Mari Jauregi donostiarra ere auzipetuta dago, baina bere osasun egoera dela eta, auzitik kanpo utzi dute.
Lehen saioan, defentsen abokatuek hainbat eskakizun egin zituzten, baina epaimahaikideek atzera bota zituzten denak. Lehenik eta behin, defentsek epaiketa Internet bidez zuzenean ez ematea eskatu zuten, bi egun beranduago deklaratu behar zuten lekukoek saioa ikusi ez zezaten. Ondoren, abokatuak epaiketa ezeztatzeko arrazoiak adierazten hasi ziren. Lehena, Naia Zuriarrainen kasuan, non bis in idem printzipioa urratu zitzaiola adierazi zuen Jone Goirizelaia abokatuak; hau da, delitu beragatik bi aldiz ez epaitzea eskatu zuten. Izan ere, 2019. urtean zigortu zuten Zuriarrain, besteak beste, ETAko kidea izateagatik, baina Fiskalaren arabera kidetza hori eten egin zen, eta orduan bi aldiz epaitzea ondo ikusten du. Defentsak garbi utzi zuen kidetza hori ez zela etena izan.
Jon Enparantzaren eta Arantza Zuluetaren kasuan, haien abokatuak adierazi zuen bidezko eta bermedun epaiketa bat izateko eskubidea urratu zaiela; lehenik eta behin, Alfonso Zenon abokatuak dio auziaren behin-behineko kalifikazioan iritzi bat sortu dela; bestetik, Zuluetaren eta Enparantzaren aukako akusazioak Guardia Zibilaren gezur batean oinarritzen direla argudiatu zuen. Bi akusatu hauen errugabetasun presuntzioa ere urratua izan dela azpimarratu zuen Zenonek.
Bestalde, Iker Sarriegiren eta Julen Zelarainen abokatuak, Aiert Larrartek, adierazi du bere bezeroen aurkako akusazioak CNI Espainiako zerbitzu sekretuak egindako eta “babes legalik gabeko” entzuketetan oinarritzen direla, eta, beraz, benetako babes judizialerako eskubidea urratzen zaiela.
Nerea Redondoren eta Saioa Agirreren abokatuek argudio guzti hauek babestu zituzten, eta epaiketa bertan behera uztea eskatu zuten. Auzitegiko presidenteak, Angela Murillok, atzera bota zituen alegazio guztiak, eta epaiketarekin aurrera jarraitzeko agindua eman zuen.
Donostiarren deklarazioak
Asteartean, epaiketaren bigarren saioan, auzipetuen deklarazioen txanda izan zen. Jon Enparantza izan zen deklaratzen lehen donostiarra, eta bere abokatuaren galderei bakarrik erantzutea erabaki zuen. Hasieratik utzi zuen garbi Enparantzak amnistiaren aldeko mugimenduaren eta Askatasunaren parte izan dela, baina inoiz ez dela ETAko ez HALBOKAko kide izan. ETAko kide izan zela onartu zuen Enparantzak 2019an, baina adierazpen hori “47 pertsonari eragiten zigun egoera konplexu horren aurrean konponbide egokiena” zelako egin zuela gehitu zuen. Aitziber Sagarminagak poliziari deklaratu zion Enparantza zela Askatasuna antolakunde politikoaren arduradun nazionala, eta Enparantzak gogorarazi du Sagarminagari deklarazio horiek torturapean atera zizkiotela. Domingo Aizpuruak ere poliziari esan zion Enparantza zela Txanpa-ren arduraduna. Enparantzak, lehenbizi, Txanpa zer zela ez zekiela adierazi zuen, eta Aizpurua ere torturatua izan zela azpimarratu zuen.
Iker Sarriegi Enparantzarekin batera atxilotu zuten 2020. urtean Hernaniko abokatu bulegoan. Deklarazioan, adierazi zuen bere aurkako akusazioak dokumentu faltsuetan oinarritzen direla. Izan ere, Sarriegik azaldu zuen guardia zibilek bere bulegotik ez zeuden dokumentuak atera zituztela: ”Guardia zibil bat mahai azpian sartu zen, eta hogei minutura lehen ez zegoen kutxa bat atera zuen, paper batzuekin eta USB batzuekin. Beste guardia zibil batek ere bulegoan ez zeuden USB batzuk “aurkitu” zituen”. Hau dela eta, Sarriegik miaketa hau inpugnatu zuen.
Abokatuak Guardia Zibilak aurkitutako dokumentu bat erakutsi zuen, 2005eko otsailekoa. Guardia Zibilak Sarriegirekin harremantzen du dokumentu hori, baina Sarriegik azpimarratu du 2005eko otsailean oraindik fakultatean zegoela ikasten, eta ez zela abokatua. Bestalde, Frantziako Estatuan zegoen preso baten dokumentu bat ere harremandu zuten Sarriegirekin, baina honek azaldu du ez duela inoiz Frantzian lan egin, besteak beste, ez dakielako frantsesez hitz egiten.
Nerea Redondoren kasuan, Juan Mari Jauregiren etxean poliziak aurkitutako 44.500 euroetan oinarritzen da bere aurkako akusazioa. ETAk “modu bidegabean” lortutako dirua zela eta “erakunde armatua finantzatzeko” zela dio autoak. Redondok azaldu zuen gaztetatik hainbat lan egin dituela eta beltzean ordaintzen ziotela, eta etxean gordetzen zuela diru hori. 2009an Galiziara joan behar zuen oporretan, eta egun batzuk lehenago bere bizilagun baten etxean lapurreta bat egon zenez, Jauregiri eskatu zion dirua etxean gordetzea. ETAren “iraultza inpostuarekin” zer ikusirik izan duen galdetu zioten, eta ezetz erantzun zuen Redondok.
Elkartasun keinuak
Joan den maiatzean, auzipetuetako seik agerraldi publikoa egin zuten Bilbon, eta epaiketa uztailaren 12an hasiko zela plazaratu zuten. Grande Marlaskak, egungo Espainiako Barne Ministroak, agindutako polizia operazio batean atxilotu zituzten, eta, dirudienez, makrosumarioen garaiko azken epaiketa handia izango da hau.
Epaiketa uztailean hasiko zela adierazi zutenetik, herrietan eta hirietan jendea epaiketaren aurkako erantzuna antolatzen hasi zen, baita auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko ekitaldiak antolatzen ere.
Ekainaren 26an eserialdia egin zuten Egia kalean, eta epaiketa hasi baino bi egun lehenago, uztailaren 10ean, Donostian eta Bilbon manifestazioak egin zituzten. Epaiketa irailean amaituko da, eta iraileko 12. egunean manifestazio bat egingo dute Donostian, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian.