Kalejira aldarrikatzailea egin dute kaian
'Jaiak kaitik eta herriarentzat' lelopean Bulebarretik hasi eta kaian amaitu dute kalejira. Aurten ez dira ohiko Karmenak ospatuko baina bizilagunek haien aldarrikapenak kalera eraman nahi izan dituzte.
Donostiako Kaiak ezin izan zuen pasa den urtean Karmengo Jairik ospatu, pandemiak astindutako uda horretan bertan behera geratu ziren jaiak. Aurten ordea, egitaraurik prestatu ez badute ere, auzotarrek kaia hartu dute beste behin, eta aldarrikapenez beteriko kalejira egin dute.
Gaurko eguna berezia izaten da kaiko bizilagunentzat eta ezin izan dute nahi bezela ospatu. Hala ere, auzoko hainbat tabernetan banderatxo eta zapiak jarri dituzte salgai bizilagunek auzoa apaindu dezaten.
Auzotarrak Bulebarrean elkartu dira 19:00etan eta dultzainen musikak lagunduta, Parte Zaharreko kaleetan barrena aritu dira ‘Kaia bizik’ eta ‘Gora jai herrikoiak’ oihukatuz. Kaleetan festa giroa azkar zabaldu da, bizilagunak kantuan eta dantzan aritu baitira. Portu kaletik irten dira kaira, arrapalaraino joan eta berriz itzuli dira Kaimingaintxo plazara. Portaletas ondoan bildu da jendea eta jai batzordeko kide batek suziria bota eta adierazpenak egin ditu: “Hainbeste maite dugun eta hainbeste aldatzen ari den kaiaz gozatzen jarraitu nahi dugu”. Kaiko arrapalan bainatzen jarraitu nahi dutela, auzoko kaleetan elkar topatu nahi dutela eta auzoan bizitzen jarraitu nahi dutela argi adierazi dute.
Azken urteetan erritmo azkarrean eraldatzen ai da kaia. Uztailak 9ko astekarian Beñat Parrak kaiko bizilagunen hitzak jaso zituen ‘Hesi gehiago eta espazio publiko gutxiago’ erreportajean. Iaz egin zuten moduan, arrapala hesiekin itxi dute eta hiritarrentzat uda giroko gunea zena, soilik ontzientzako espazio bihurtu dute. Bizilagunen hitzetan kaia pribatizatzen ari dira.
Kalejiran parte hartu duten hainbat bizilagunen iritzi eta aldarrikapenak jaso ditugu. ‘Espazio publikoaren pribatizazioa’ salatu dute aho batez. ‘Kaia istea auzoko bizilagunei daukagun espazio gutxi hori kentzea da’, adierazi du gazte batek. ‘Kaia gurea da, Donostiako kaia da eta ez gaituzte bertatik botako’. ‘Betidanik egin dira jaiak bertan eta hala egiten jarraituko dugu. Turismoaren gorakadak ez du herri mugimendua geldituko, ezta Parte Zaharreko bizitza etengo ere’, esan du beste batek.
Jaiak antolatzeko garaian instituzioek duten jarrera ere salatu du bizilagun batek: ‘ikaragarrizko zailtasunak jartzen dizkigute bizilagunentzako ekitaldiak antolatu nahi izan ditugunean, eta udalak ekintza ugari antolatu ditu udaran zehar egingo direnak’.