Karmengo Amaren eguneko militarren desfilea gaitzetsi du EH Bilduk
Gaur goizean Donostian “balio militarrak goretsi” direla salatu du EH Bilduk ohar baten bidez. “Ertzain eta udaltzain askoren babespean, militarrek berriro desfilatu dute Donostian, Karmengo Amaren eguna dela eta”, adierazi dute.
Udal taldearen ustez, ekitaldi hauek “lekuz kanpo” daude “balio antimilitaristek ia erabateko gizarte babesa” dutelako hirian. “Azken hamarkadetan Donostiako herritarrek elkartasuna adierazi diete gerrak jasan dituzten eta pairatzen dituzten herriei. 1986ko erreferendumean NATOri ezetz esan zion hiriak, eta milaka intsumiso donostiarrek uko egin zioten derrigorrezko Zerbitzu Militarra betetzeari”.
Gaur egun, Donostian bakearen eta gatazken konponbidearen aldeko hiri apustua “indartu eta berretsi” behar dela nabarmendu dute. “Apustu horrek alderdi politiko eta sozial eta instituzio guztien konpromisoak eskatzen ditu”.