Klitxez beteta daude totalitarismoak ere

Dear Comrades!
Zuzendaria: Andrey Konchalovskiy.
Urtea: 2021.
Herrialdea: Errusia.
1962. urtean gaude, orduko Sobietar Batasuneko Novocherkassk hirian. Nikita Khrushcheven gobernuak elikagaien prezioak igo ditu berriro, eta, egoera jasanezinaren aurrean, hiriko industrietako langileak matxinatu egin dira. Gobernuko agintariek manifestazioei aurre egiteko izan zuten erantzun errepresiboa ondo dokumentatuta dago historia liburuetan: 30 bat langile erail eta beste 200 atxilotu zituen KGBk Novocherkasskeko masakrea-n. Lyuda (Yuliya Vysotskaya), Hiri Batzordean lana egiten duen ofizial sutsua da Dear Comrades! (Dorogie tovarishchi) filmaren protagonista, eta haren ikuspuntutik aztertzen da sarraskia Andrey Konchalovskiy zinemagilearen azken filmean. Lyudaren alaba, Svetka (Yuliya Burova), masakrearen egunean galtzen den momentuan jarriko da buruz behera protagonistaren mundua.
Hasieratik, filmaren errealismoa agerikoa bada ere, artifizio kutsu bat sumatzen da pertsonaien elkarrizketetan: badirudi ideia eta esaldi berberak behin eta berriz errepikatzeko premia dutela, ikusleari istorioko gertakari guztiak argi gera dakizkion edo. Jakina, Dear Comrades!-en tankerako film historikoetan beharrezkoak dira ikuslearentzako azalpenak, baina esposizioa fikzioan naturaltasunez eta disimuluz integratzea ere garrantzitsua da (are gehiago filma errealismo gordinaren bila ari denean).
Hala eta guztiz ere, izan dira historian zehar errepikapen tautologikoek eta klixeek bereizi dituzten testuinguru sozialak. Horrelaxe deskribatu zituen, hain zuzen, Hannah Arendtek pasa den mendeko totalitarismoak: errepikapen hutsalez nortasun indibiduala suntsitzeko makinaria erraldoi gisa. Baliteke, beraz, gehiegi murtxikatuta dauden elkarrizketak errepikapen burokratikoaren irudikapen perfektua izatea. Arendten ustez, Adolf Eichmannen moduko ofizial naziek ez omen zekiten klitxe hutsa ez zen esaldi bat ere ahoskatzen: “Ofizialtasuna da hitz egiten dudan hizkuntza bakarra”, esan omen zuen Jerusalemgo epaiketan.
Badago umore puntu bat Eichmann eta Lyuda pertsonaien izaeran (edo haien izaera faltan); prozesu burokratikoak eta nagusienganako obedientziak zuzendutako Alderdia-rekiko leialtasun itsu horretan. Nola ez, plano geldi eta urrun xamarrak baliagarriak izan ohi dira komedietan (hartu slapstick-aren formatu bisuala adibidetzat), eta interesgarria da Sobietar Batasunaren dekadentzia horrela erakustea filmak. Une oro sumatzen da sistemaren ezinbesteko kolapsoa, eta langileak geldiarazteko politikarien alferrikako saiakerak barregarritasuna areagotu besterik ez dute egiten.
Baina masakrearen momentua helduko da, eta filmak errealismo esplizituz erakutsiko du. Zer esanik ez, zalantzagarria da komedia moduan funtzionatu duen formatu hotz eta urrun horrekin berarekin tragedia historikoa filmatzeko erabakia. Bestalde, 4:3ko zuri-beltz estilistikoa Pawel Pawlikowskiren Cold War eta horrelako epika erromantikoak irudikatzeko erabili da lehenago, eta iruditeria hori buruan izanda, baliteke formatua gertakarien gordintasunarekin guztiz bat ez etortzea.
Veneziako Biurtekoaren aurreko edizioan Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratuta, pasa den ostiralean estreinatu zuten Dear Comrades!, eta ikusgai dago zinema aretoetan. Filmaren tonu aldaketak eta erabaki estetikoak eztabaidagarriak badira ere, Sobietar Batasunaren eta estatu totalitarioen inguruko hausnarketa berezia eskaini digu Konchalovskiyk.