Tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina abiatu du udalak
Donostian erostea zoragarria da leloa du San Sebastian Shops-ek abiatu duen kanpainak, eta hiriko tokiko merkataritzari balioa ematea du helburu. Donostiako Udaleko Ekonomia Sustapeneko eta Merkataritzako zinegotzigoarekin eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin elkarlanean sustatu dute. Horretarako, komunikazio kanpaina egingo dute bideo eta promozio mezuen bidez tokiko merkataritzaren balioak eta ezaugarriak zabaltzeko.
Gaur goizean kanpainaren bideoa aurkeztu dute –euskaraz, gazteleraz eta frantsesez–, eta hiriko hainbat establezimendurekin osatu dute: Arbaso Hotela, Otaegui gozotegia, San Martin Merkatua, Manila Shop Donostia, Inma_lo, Realaren denda, Elkano Gaztagunea, Tamayo paper denda, Oiartzun gozotegia, Pukas Surf, Villaflores Loradenda, Casa Ponsol, Choc Arte, Optica Zurriola, Kberbi New, Cortazar Donostia, Soule eta Bataplan diskoteka. Horrez gain, hiriko tokiko merkataritza ezagutarazteko ibilbide tematikoak eskainiko dituen gida propio bat prestatzen ari dira.
Bideoa Donostia eta Miarritze lotuko dituen autobus turistiko berrian erakutsiko dute, baita hiriko hainbat hoteletan ere. Hala, hirira hurbiltzen direnak ere bertako komertzioetara erakarri nahi dituzte. Turismoa eta erosketa arduratsua merkataritzaren eta ekonomiaren hazkunde-palanka gisa irudikatzen ditu kanpainak eta bertako merkataritzaz gozatzeko gonbidapena luzatu nahi du.