Mirari Uria Realeko lehen taldean ariko da datorren denboraldian
Emakumezkoen Reala datorren sasoiko taldea osatzen ari da. Iragarritako hiru fitxaketekin batera, harrobiko jokalariei lehen taldean aritzeko aukera emango die. Hori da Mirari Uria aurrelari gaztearen kasua. Azpeitiakoak bigarren taldetik lehen talderako jauzia egingo du hurrengo denboraldian.
Uria jokalari garrantzitsua izan da txuri-urdinen bigarren taldearentzat. 18 gol egin ditu eta mailako jokalari onenetako bat izan da. Aurrelariak Natalia Arroyoren konfiantza lortu du datorren sasoirako, bere kalitate teknikoari esker. Lehen taldean 27 zenbakiarekin jokatuko du.
Talde txuri-urdinak hiru fitxaketa iragarri ditu dagoeneko: Clare Pleuler erdilaria, Manuela Vanegas atzelaria eta Iris Arnaiz erdilaria.