12 eta 15 urtekoek txertoa jartzeko hitzordua hartu ahalko dute
12 eta 15 urte arteko gaztetxo eta nerabeek txertoa hartzeko ordua hartu ahal izango dute bihartik aurrera, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez. Horrela, datorren ikasturtea hasten denerako adin tarte horretako pertsonak txertatzen hasita egongo dira. Bihar Osakidetzaren webgunearen bidez hitzordua hartzeko aukera izango dute.
Osakidetzak duela hamaika egun ireki zuen 16 eta 29 urte arteko gazteak txertatzeko atea. Bestalde, 40 urte baino gutxiago dituzten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen ari dira, lehen dosia jaso dezaten.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.