Donostia-Hernani autobusaren maiztasun berria, eztabaidagai

Donostia Buruntzaldeko udalerriekin lotzen dituzten autobus publikoen zerbitzu berria martxan jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren hasieran, eta dagoeneko hainbat herritar kexatu dira. Aieteko Lantxabe auzo elkartea kritiko azaldu da, esaterako. Donostia eta Hernani Aietetik lotzen ditu BU-11 lineak (G1, duela gutxi arte), eta Aieteko auzo elkarteko kide Felix Perezek salatu du zerbitzuak okerrera egin duela: “Donostia-Hernani-Donostia autobusaren maiztasuna 20 minutura murriztu dute puntako orduan (07:00etatik 09:00etara), eta ordu erdira eguneko gainerako orduetan (Garayar autobusek 15 minutuero ematen zuten zerbitzua)”.
Gainera, Donostiako Udalari 15 minutuko maiztasuna berreskuratzeko neurriak har ditzan eskatu dio auzo elkarteak: “Herritarren kexa eta erreklamazioek bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundi ahalguztidunak –herritarren beharren aurrean sor den entitateak– bilera bat antolatu du enpresa emakidadun berriarekin, eta Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, eta Lasarte-Oriako udalekin. Ez dute Donostiako aipatzen, eta udal horren konpromisoa, ordea, ezinbestekoa da enpresa berriak erabiltzaileen alde egin dezan, eta lehengo zerbitzua berriro emateko, 15 minutuko maiztasuna berreskuratzeko”, Perezen arabera.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du gaiaz hitz egiten ari direla Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia: “Harremana etengabe dugu gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta denbora gutxi barru bilera daukat diputatuarekin berarekin ere. Beraz, hitz egingo dugu honetaz. Nik daukadan inpresioa da irekita daudela momentu honetan dagoen zerbitzu hori berrikustera eta zenbait gauza berriro ere aldatzera. Eseriko gara hori nola egin daitekeen ikusteko”.