Donostiako Udalak presio fiskala %1,5 igoko du

Donostiako Udalak 2022rako zerga arauak aldatzeko asmoa du, eta horrela, 1,8 milioi euro gehiago jasotzea aurreikusten du. KPI Kontsumo Prezioen Indizea erreferentzia hartuta egin du udalak presio fiskalaren aldaketa: 2022rako KPIaren aurreikuspena %1,8koa da, eta indize horren iazko emaitza, berriz, -%0,3koa. Tasa asko bere horretan mantenduko badituzte ere, saneamenduaren eta hondakinen bilketaren gaineko tasak handituko dira.
Saneamenduaren gaineko tasa %3 handituko dute, eta arrazoia Uraren kanonaren ezarpena da. %5eko kostua izango du kanon berri horrek saneamenduaren kostuan. Hondakinen bilketaren gaineko tasa %1,5 handituko dute. Bestalde, hesi eta aldamioekin Udal Jabari Publikoa Okupatzeko tasa %3 handituko da, eta hondartzetako hainbat zerbitzuren gaineko tasa ere handituko da: kabinak erabiltzeko ordaintzen diren prezioak igoko dira, esaterako. Ondorioz, dutxak erabiltzearren eguneko 1,10 euro ordaintzetik 1,60 euro ordaintzera pasako da, takilla eta dutxa erabiltzeagatik 1,50 eurotik 2,50 euro ordaintzera pasako da; denboraldiko abonuek 75 euro balioko dute (lehen 64,55 euro), 20 aldiz erabiltzeko abonuek 28 euro (lehen 20,40), eta 10 aldiz erabiltzeko abonuek 15 euro (lehen 11,27). Prezio gehienak 2013 eta 2014tik ez dira aldatu.
Era berean, garabiaren gaineko tasa %1,5 handituko da, eta TAOren gaineko tasa %1,5 handituko da eta bi gune berri sortuko dira, Loiolan eta Melodin.
Hondakinen bilketaren gaineko zerga ere aldatuko du udalak, ostalaritza, elkarte gastronomiko eta gazteen lokalak zein txokoentzat. Hortaz, ostalaritzak eta elkarte gastronomikoek 2021eko lehenengo eta bigarren hiruhilekoetan lokal hutsa bezala ordainduko dute, eta elkarte gastronomikoek 2020ko hirugarren hiruhilekoan lokal hutsa bezala ordainduko dute. Gazteen lokalek eta txokoek lokal hutsa bezala ordainduko dute 2020ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan, eta 2021eko lehenengo eta bigarren hiruhilekoetan.
Proposatutako neurrien aldaketak abenduan onartuko dira, eta ordura arte talde politikoek eta herritarrek emendakinak aurkezteko aukera izango dute.