Eneko Goia: "Zuhurtziaren aldeko beste dei bat egitea tokatzen da"
Koronabirus kasu positiboak eta intzidentzia metatuak hazten daramate hilabete –130 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo, eta intzidentzia metatua 655,19koa da–, eta Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera, egoera “kezkagarria” da. Hala ere, alkateak nabarmendu du arazoa ez dela Donostiara mugatzen: “Argi ikusten da mugikortasun mugak existitzen ez diren une honetan kezkatu behar gaituena dela intzidentzia tasa orokorra, eta gure inguruan oso altua da oro har”.
Mezu argia helarazi du Goiak: “Zuhurtziaren aldeko beste dei bat egitea tokatzen da, kontuz ibiltzeko dei bat, gaia kezkagarria delako eta hasi delako presio ospitalarioan eragina izaten. Hori da larriena seguraski”.
Alkateak adierazi du kasu positibo gehien izaten ari diren adin taldeak txertatu gabe dauden horiek direla, pertsona gazteak, hain zuzen. Hala ere, 12 eta 15 urte arteko gaztetxo eta nerabeek txertoa hartzeko ordua hartu ahal izango dute bihartik aurrera, eta Osakidetzak duela hamaika egun ireki zuen 16 eta 29 urte arteko gazteak txertatzeko atea: dagoeneko hasi dira txertatzen.
“Ez dakigu oso ondo noiz arte jarraituko duen gora [intzidentzia metatuak]”, adierazi du Eneko Goiak.