"Lehen, ohitura handia zegoen gauean izozkia jateko; orain, ordea, gauerdian jada ez dago inor"
Iñaki Gradok Oiartzun izozki dendako familia negozioa darama. 40 urte baino gehiago daramatza martxan denda honek, eta bereziki ezaguna da bere 'txokosorbetea'.
Noiz ireki zenuten izozki denda?
Leku honetan 2010. urtean ireki genuen. Gozotegia, ordea, 1973tik dago martxan. Familia negozioa da, nire arbasoek zabaldu zuten.
Noiz zabaldu duzue denda aurten?
Otsail bukaeran zabaldu genuen. Egia da urte hau oso berezia izaten ari dela, eta iazkoa ere bai. Baina bueno, ahal dugun moduan gabiltza.
Bezeroei dagokienez, nolakoa da profila?
Momentu honetan, turismo nazionala da gehien datorrena, Espainiako alde guztietatik. 2019. urtera arte, mundu osoko turistak izaten genituen, pila bat gainera. Momentu honetan, pandemia dela eta, nazionalak ditugu soilik. Eta hori nabarmentzen da diru sarreretan, askoz gutxiago irabazten ari gara orain.
Izozki dendak udan funtzionatzen du soilik, ala neguan ere bai?
Printzipioz, neguan itxi egiten dugu. Baina Gabonetan zabaldu egiten dugu, gabon egunean eta gabon zahar egunean, egun horietan asko saltzen baita. Gainera, kontsumo modua asko aldatzen da, etxerako askoz kantitate gehiago saltzen baita.
Udari begira, nola ikusten duzue egoera? Baikorrak zarete?
Egia esan, ez. Ez gaude oso baikor. Jendearen ohiturak aldatzen ari direla ikusten ari gara. Lehen, ohitura handia zegoen gauean izozkia jateko; orain, ordea, gaueko hamabietarako jada ez dago inor. Eguneko turismoa da orain indarra hartu duena.
Eguraldiaren menpe ere bazaudete, ezta?
Bai, noski! Beroa, batez ere, garrantzitsua da guretzat. Egun euritsuetan ez da askorik kontsumitzen.
Nola egiten dituzue izozkiak? Artisauen eran eginak dira?
Bai, guztiz. Osagai guztiak dira naturalak, eta guk geuk eginak. Oso izozki denda gutxi ezagutuko dituzu glutenik gabeko 55 zapore eta beganoentzat 17 zapore dituztenak.
Hori, orain dela gutxi hasi al da horrela izaten?
Ez, betidanik. Izozkia egiteko modua da aldatu dena. Orain dela 50 urte, guztiek egiten zuten gure moduan. Izozkia egiteko, ofizio ofiziala izan behar zenuen. Horren barnean, egiten jakin behar zenuen. Orain, ordea, edozeinek uste du izozkia egiten dakiela, eta ez da horrela. Izan ere, modan jarri da zaporea duen pasta bat erosi eta horrekin izozkia egitea. Hori egiteko erabiltzen dena irina da, glutena duen irina. Horrek glutena du, eta osagai artifizial asko ere bai. Guk, kalitatezko osagai freskoak erabiltzen ditugu: fruta, fruitu lehorrak… Desberdintasuna, glutena da askotan.
Uste duzu gaur egun jendeak artisaua izatea baloratzen duela?
Jendeak gustua galdu du. Zerbait gozoa emanez gero, ona dagoela esango dizute. Benetako izozki baten eta pasta izoztuaren arteko desberdintasuna glutena da. Pasta izoztu hori ez da benetako izozkia, pasta izoztu bat da azken batean. Pasta horrek glutena eta azukre gehiegi ditu, eta egarria ematen du, eta denbora gutxira ez zara oroitzen zein zaporetako izozkia jan duzun, azukre zaporea uzten baitu soilik. Gure izozkiarena, ordea, ahoan geratzen zaizun zaporea benetako osagaiarena da. Eta berez, ez da prezio kontua, prezio normalak baititugu. Baina izozkia egiteko kostua, ordea, gure altuagoa da beste askorena baino.
Zapore denak saltzen dira berdin, ala baten bat gailentzen da?
Mundu osoko edozein izozki dendatan galdetzen baduzu, zaporerik salduena txokolatezkoa dela esango dizute. Hemen, ordea, fruitu lehorrek dute fama ona: hurrak, almendrak, pistatxoa… Horrez gain, sorbeteen fama ere badugu. Izozkiaren eta sorbetearen desberdintasuna da izozkiaren oinarria esnea dela eta sorbetearena ura eta azukrea. Beraz, sorbete guztiak dira beganoak. Sorbete berezi bat dugu gainera: Txokosorbetea. Guk patentatutako izena da, eta ez du esnerik, ezta ere arrautzarik; guztiz beganoa da. Gurea da, guk soilik egiten dugu. Txokolatezko sorbeteak, berez, leku askotan aurki daitezke. Baina hauek esne begetala dute oinarri: dela soja, dela arroza, dela oloa… gureak ez du horrelakorik. Gureak soilik du ura, azukrea, kakao hautsa eta txokolatea. Izugarria da.
Beraz, bezero begano asko dituzue?
Bai, bezeroen zati handi bat dira egia esan. Beganoen eta zeliakoen izozki denden zerrenda guztietan gaude. Baina gu ez gara lehiaketetara joaten, ez gara komunikabide askotan agertzen… guretzat garrantzitsuena ahoz ahoko komunikazioa da.