Joseba Barandiaranen omenezko plaka jarriko du udalak
Donostiako Udalak plaka bat jarriko du larunbatean, hilaren 24an, Joseba Barandiaran Urkolaren omenez. 1978ko uztailaren 11n hil zuen poliziak tiro batez, Iruñeko sanferminetan German Rodriguezen hilketa salatzeko manifestazioan. 19 urte zituen Barandiaranek.
San Bartolome kaleko 12. zenbakiaren inguruan egingo dute ekitaldia, eta plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den antzera, omenaldi xumea izango da. Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartuko dute.
Plaka honekin hamahiru izango dira udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.