La Locomotora Negra taldeak Donostiako Jazzaldia saria jaso du
Kataluniako jazz talde beteranoenetako bat da La Locomotora Negra. Gaur eguerdian jaso dute Donostiako Jazzaldia saria, eta kontzertu berezia eman dute Viktoria Eugenia antzokian. Izan ere, aurten 50 urte bete dituzte, eta azken aldiz oholtza gainera igotzea erabaki dute.
1971. urtean hasi ziren boskote gisa. Denborarekin hamazazpi kidez osaturiko banda izateraino iritsi ziren. Horrela, Kataluniako swing talde esanguratsuenetakoa bihurtu zen. 50 urteko ibilbidean agertoki eta jaialdi onenetan eman dituzte kontzertuak, eta hemeretzi disko argitaratu dituzte.
Aurrez, beste bi alditan izan dira Jazzaldian. 1977an jo zuten aurreneko aldiz, eta Nazioarteko Lehiaketaren Lehen Saria eskuratu zuten jazz tradizionalaren kategorian. Bigarrenez, 2005ean aritu ziren Kursaaleko terrazan.
Gaurkoa ez da Jazzaldiak emango duen sari bakarra. Bihar gauean, Chucho Valdes musikariari emango diote Trinitate Plazan, 22:00etan.