"Letrak idazterakoan sentimenduetan oinarritzen naiz gehienbat"
Jazzaldian joko du abeslari eta gitarrista donostiarrak, larunbatean, 19:00etan, Zurriolako Guuk agertokian. 'Talking to the Wall' diskoko kantak eta bertsio batzuk ere joko ditu zuzenean.
Noiz eta nola hasi zinen musika munduan?
Profesional moduan, 16 urterekin hasi nintzen, kontzertuak ematen tabernetan. Baina musikaren afizioa betidanik izan dut. 6 urterekin hasi nintzen gitarra jotzen, eta ondoren gitarra klaseak ematen hasi nintzen.
Betidanik izan duzu helburu musikatik bizitzea?
Ez. Batxilergoa bukatu eta Irakasle ikasketak egin nituen. Musika zaletasun bat zen niretzat, ez nuen pentsatzen serio hasi ahalko nintzenik horretan. Baina karrera bukatu nuenean, ikusi nuen hura ez zela nik nahi nuena, eta Musikeneri buruz hitz egin zidaten. Orduan, probak egin eta Musikenen sartzea pentsatu nuen. Musikenen sartu ondoren, beste era batera ikusten hasi nintzen musika, serioago hartzen.
Momentu honetan, soilik musikan ari zara?
Bai. Aurten bukatu ditut musika ikasketak, eta kontzertuez aparte musika klaseak ere ematen ditut: akademietan, partikularrak… ateratzen dena. Musikarekin bakarrik zail dago hortik bizitzea. Gainera, zerbait konstantea izan behar da denboran, eta ez da erraza musika mundua finkoa izatea.
Nola deskribatuko zenuke zure estiloa?
Hasieran, kantautore moduan hasi nintzela esan daiteke. Eragin eta gustu desberdin asko izan ditut beti, eta zaila da erabakitzea. Esan daiteke argitaratu dudan diskoa pop estilora hurbiltzen dela gehien, nahiz eta jazz ukitu batzuk ere badituen. Baina jazzarekin orain dela lau urte hasi nintzen, eta denbora pasa ahala aldatu egiten dira influentziak eta gustuak. Baina bizitzako arlo guztietan bezala; denbora pasa ahala gauza berriez jabetzen joaten gara. Jende berria ezagutzeak ere ikuspegi desberdinak ematen dizkizu.
Baduzu probatu nahiko zenukeen estilorik?
Saiatzen naiz ezagutzen ditudan abesti edo musika estilo berri horiek barneratzen. Azkenean, entzuten duzun musika geratzen da barruan, eta nahita edo nahi gabe atera egiten da. Horregatik, saiatzen naiz inguratzen niretzat aberasgarria den musikarekin, gero nirea egiteko.
Jazzaldiari dagokionez, ez da joko duzun lehen aldia, ezta?
Ez, bosgarren urtea da aurtengoa. Beti da esperientzia ona, azken batean nire hiria da, eta ez badu euririk egiten behintzat, oso gustura egoten naiz.
Taldean joko duzu. Nolatan?
Joko dut diskoa grabatu dudan pertsonekin. Musikenen ezagutu ditudan musikariak dira, Espainiako leku askotatik etorritakoak: Pablo Costas, Galiziakoa, teklatua jotzen du; Daniel Vallejo, baxua; eta Ander Alonso, bateria. Gainera, Ander Alonso Idoia Asurmendirekin ere ibili da jotzen. Horrez gain, diskoan ez dago, baina Jose Cabillasek saxoa eta flauta ere jotzen ditu gurekin. Nik gitarra jotzen dut, eta abestu. Nik soilik abestu egiten dut.
Esperientzia desberdina da bakarrik edo taldean jotzea, ezta?
Bai, desberdina da. Alde onak eta alde txarrak ditu. Neketsuena da antolatzeko orduan zailagoa dela. Azkenean gauza asko prestatu behar dira eta ondo antolatzea ezinbestekoa da. Gainera, nahiz eta kontzertua ordubete edo ordu eta erdikoa izan, atzean lan asko du, ordu pila bat daude ikusten ez direnak. Azken batean garrantzitsua da giro ona izatea denon artean, eta konfiantza izatea ere garrantzitsua da. Gu lagunak gara eta asko estimatzen dut giro ona.
‘Talking to the Wall’ diskoari dagokionez, lehena da?
Bai, lehen diskoa da, eta taldean grabatu dut. Ni gitarrarekin moldatzen naiz, baina ni neu bakarrik gitarrarekin disko bat grabatzeko beste ez da; ez dauzkat hainbeste baliabide horretarako. Gainera, Musikenera heldu nintzenean eta hainbeste musikari on ikusi nituenean, ideia ona zela pentsatu nuen.
Letrak zureak dira?
Bai, nik idazten ditut letrak. Askotan oinarritzen naiz gehienbat sentimenduetan; nireetan edo besteetan ikusten ditudanetan. Barrua husten laguntzen du. Jada profesional bezala hasten zarenean, ordea, inspirazio hori pixka bat behartu beharra dago, ez da bakarrik etortzen. Asko pentsatu eta probatu behar dira.
Etorkizunera begira, baduzu aurreikuspenik?
Nik nahi dudana da kontzertuak ematen jarraitzea. Jendea ezagutzen jarraitu nahi dut, kolaborazioak egin… gauza berriez jabetzea eta geldirik ez egotea. Etxean geldirik egonda ez da ezer lortzen. Helburua aktibo jarraitzea da, geldirik ez egotea.
Bertsiorik egingo duzu?
Bai, jazz estiloko bertsio batzuk joko ditut. Nire diskoko abestiez gain, beste batzuk ere joko ditut.
https://youtu.be/0dof_1lxRO0