Gizarte Ekintzako langileek lan baldintzak hobetzeko eskatu dute udal batzar aretoan
Uztaileko udalbatzarrean Gizarte Ekintzako langileen lan baldintzak hobetzeko mozio bat aurkeztu du EH Bilduk. Pandemia garaian laguntza eskaera handitzeari aurre egin behar diotela azpimarratu du Olaia Duarte zinegotziak. Osoko bilkuren aretoan protesta egin dute Gizarte Ekintzako hainbat langileek “lan baldintza duinak” eskatzeko.
Gizarte Ekintzako langileak “lehen egunetik” ordezkatzea eskatu du EH Bilduk, “sail honen ezaugarriak eta balio soziala kontuan hartuz”. Era berean, langileen postua behar bezala “balioestea” eskatu du Duartek. Azkenik, 2017an egindako lan kargaren faktoreko arriskuen balorazioan jasotako ondorioak kontuan hartzea eta neurri zuzentzaileak martxan jartzea eskatu du udal taldeak.
Udal gobernuak hiru eskaeren kontra bozkatu du. Lehena betetzea “ezinezkoa” dela esan du Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak. Beste bi eskaerei dagokienez, udala eskaturikoa betetzen ari dela azpimarratu du.
Zaintzaren kontseilua
Gizarte gaiekin loturik, EH Bilduk hiriko hamaika gizarte eragileren proposamena udalbatzarrera eraman du. Zehazki, Zaintzaren Kontseilua sortzeko eskatu dute aipaturiko gizarte eragileek. Ordea, EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute. “Eragileen parte hartzea traba bat da udal gobernuarentzat”, adierazi du Duartek.