Kaleratzeak Stop taldearen etxebizitza hutsen inguruko eskaera ez du aintzat hartuko udal gobernuak
Donostian hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ) gainordaina eta kanona batera aplikatzeko eskatu du Kaleratzeak Stop plataformak. Udal batzar aretora sartu aurretik, agerraldia egin dute udaletxe aurrean, aipaturiko eskaera uztaileko udalbatzarrera eraman duelako Elkarrekin Donostia udal taldeak.
Salatu dutenez, Donostiako Udalak ez du OHZ-ren gainordaina aplikatzen hutsik dauden etxebizitzak “alokairu sozialerantz mugiarazteko”. Hain zuzen ere, hori da Kaleratzeak Stop-ek eskatzen duena, etxe hutsei “balio soziala” ematea. “Katastroko balioa 225.000 eurotik beherakoa duten etxebizitza hutsei ez zaie gainordaina aplikatzen. Horrela, 2013an 2.813 etxebizitzari aplikatu zitzaien, baina justifikatu gabeko salbuespen horri esker, egun 1.071 higiezinetara jaitsi da”, azaldu dute. Etxebizitzaren Euskal Legea 2015ean onartu ondoren, udalari egotzi diote plangintzarik ez izatea hutsik dauden etxebizitza guztiak mugiarazteko.
Elkarrekin Donostiak aurkezturiko mozioaren kontra bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak adierazi du ahalegin guztiak egingo dituztela etxe hutsak merkaturatzeko. Ordea, ñabardura bat egin du: “Zuek eskatzen duzue etxe horiek alokairu sozialera bideratzeko, eta hori ez da zuzena. Gure ustez, etxe horiek alokairu librearen merkatuak eskaini behar dira”.
Bigarren mozioa onartu dute
Etxebizitza hutsen inguruko bigarren mozio bat aurkeztu du EH Bilduk, eta honek udalbatzaren babesa jaso du. “Udal gobernuari eskatzen diogu, Donostian dugun etxebizitza arazoa ikusita, bere gain har ditzala Etxebizitzari buruzko 2015eko ekainaren 26ko 3/2015 Legeak eta 149/2021 Dekretuak esleitzen dizkioten eginkizunak, eta, horretarako, erabil ditzala aipatutako lege aginduetan jasotako eskumenak eta zereginak betetzeko behar diren baliabide material eta giza baliabide guztiak”, adierazi du Ricardo Burutaran zinegotziak. Era berean, arazo hau konpontzeko urrats guztiak “ahalik eta azkarren” egiteko eskatu diote udal gobernuari.
Hiru puntuko lehen bi puntuak babestu ditu udalbatzak EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Donostiaren aldeko botoekin. PPk kontra bozkatu du. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azpimarratu du EH Bilduren eskaerekin bat egiten duela udal gobernuak, eta dagoeneko lanean ari direla etxe hutsen aferari irtenbide bat emateko.