"Kostatzen zait gauza bakarrean kontzentratzea, eta soilik hitzak idazterakoan lortzen dut"
Musikaria, abeslaria, letragilea eta orokorrean sortzailea da. Txakurraren mozorroarekin eta bakarka ezaguna egin bada ere, urteak daramatza musikagintzan hainbat talderekin.
Madeleinekin Ezin Dena laugarren diskoa argitaratu berri du, Bananas taldearekin Garun ta Eztarri lehen diskoa biniloan plazaratuko du, eta bakarkako kontzertuak ematen jarraitzen du mozorrotuta. Hori gutxi balitz, bakarkako proiektu pertsonalena prestatzen ari da. IRUTXULOKO HITZAk Gartxot Unsain (Egia, 1987) elkarrizketatu du, eta biharko astekariko protagonista izango da. Paperean zein webgunean osorik irakurri ahal izango da solasaldi mamitsua.
Txakur mozorroaren istorioa eta arrazoia argitzearekin batera, askotariko gaiez hitz egin dugu berarekin. 2017an igo zen aurreneko aldiz mozorratuta taula gainera: “Egiako Bakarrik Hobeto Fest jaialdian izan zen. Unai Pelayok antolatzen zuen Le Bukowskin. Jotzeko proposamena egin zidan, eta hantxe izan nintzen Raitx, Nahia Zubeldia eta Pettirekin. Geroztik lau urte pasa dira, eta, besteak beste, Farandulan, Marruman eta Miarritzeko Atabalen jotzeko aukera izan dut. Azken batean, alokairua ordaindu egin behar da”.
Bakarlari gisa izandako oihartzunaz aparte, dituen taldeez, argitalpenez, musikan egindako lehen urratsez eta letragintzaz aritu da Unsain. “Niretzako idaztea parentesi moduko bat da. Kostatzen zait gauza bakarrean kontzentratzea, eta soilik hitzak idazterakoan lortzen dut. Kontzentrazio maila gorena lortzen dudan modu bakarra da”, adierazi du.
Iazko konfinamenduan erronka bat jarri zion bere buruari: ehun kanturen euskarazko moldaketak egitea. Ehun izatearen arrazoia elkarrizketan irakurri ahalko da.