Maria Inmaculada ikastetxearen lursailean lau izarreko hotel bat eraikitzea onartu du udalbatzak
Donostiako Udalbatzak behin betiko onartu du Groseko Maria Inmaculada ikastetxearen lursaileko azken xehetasun ikerketa. Ikastetxea itxita, Maria Inmaculada Provincia España fededunen kongregazioak udalari aurkezturiko hirigintza proposamena garatu ahal izango du. Hau da, lau izarreko hotel bat, ikasleentzako egoitza bat, supermerkatu bat, jatetxe bat eta lurpeko aparkaleku bat eraiki ahal izango dituzte.
Uztaileko udalbatzarrean, EAJk, PSE-EEk eta PPk xehetasun ikerketaren alde bozkatu dute, eta kontra agertu dira EH Bildu eta Elkarrekin Donostia. Horrelako proiektu bati argi berdea eman aurretik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritu beharko litzatekeela azpimarratu du Haizea Garaik, Elkarrekin Donostia udal taldeko bozeramaileak. Horrekin batera, esan du proiektu honek ez diola erantzuten auzoak eta auzotarrek eskatzen dutenari.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak adierazi du udalak ezin duela horrelako proiektu bat onartu “interes orokorraren” izenean. “Xehetasun ikerketak jasotzen duena ez dute betetzen askok, eta asko aldatzen dira hirigintza proiektuak”, gaineratu du. Horrez gain, Gros auzoak dituen “beharrak” eta “gabeziak” nabarmendu ditu: “Auzoan ez dago babes ofizialeko etxebizitzarik, ezta ere gazteentzako zein adinekoentzako etxebizitzarik. Bi hezkuntza zentro itxi dira, eta horietan bi hotel egingo dituzte”.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak kontra bozkatu duten bi udal taldeen kritikei erantzun die: “Elkarrekin Donostiak beti horrelako proiektu guztien kontra bozkatzen du. Eta zuk, Ricardo, ondo dakizu legalki ezin dugula xehetasun azterketa hau gelditu arau guztiak betetzen dituelako”.