"Adostasunez amaitu genuen elkartearekin harremana"
Gaztetan Donosti Berri txirrindulari taldean aritu zen Aritz Irulegi (Astigarraga, 1981), eta azken urteetan taldeak izan duen bilakaera barrutik bizi izan du. Donosti Berri Amarako elkartetik bereiztu dira, eta Donostialdea Bizikletan izena duen taldea sortu dute orain. Helburuetako bat, besteak beste, emakumeen txirrindularitza bultzatzea dute.
Taldearen izena aldatu duzue. Zer dela eta?
Urrian aldatu genion taldeari izena. Donosti Berri Easo plazako elkarte bat da, eta duela 27 urte inguru sortu zuten txirrindularitza taldea. Urteen poderioz, gero eta lotura txikiagoa zuten elkarteko pertsonek klubarekin. Azkenean, bi talde independente ginen, baina burokratikoki elkarrekin geunden, eta tramite gehienak egiteko zailtasun handiak genituen: auto bat erosteko, dokumentu bat sinatzeko eta kontu korronte bat irekitzeko, esaterako. Elkarteko presidentearen sinadura behar genuen gauza horiek guztiak egiteko, eta bereiztea adostu genuen bi aldeen artean.
Guk aurrera jarraitzeko banandu behar genuela uste genuen. Adostasunez amaitu genuen, haiek ere ondo ikusten baitzuten, eta harreman ona izaten jarraitzen dugu. Gure klubak elkartearen bazkide izaten jarraitzen du, esaterako.
Banantzeko erabakia lehenagotik zenuten hartua?
Hilabete gutxi lehenago adostu genuen, baina tramiteek beti luzatzen dute dena.
Arazorik izan duzue aldaketa prozesuan?
Arazorik ez dugu izan, baina luzea da, eta tramiteak egiten gabiltza. Mailloten eta autoen errotulazioak, adibidez, lehengo izenarekin daude eta bi urterako genituen eginda, eta erdian harrapatu gaitu. Arropan eta gainontzekoetan datorren denboralditik aurrera ikusiko da aldaketa.
Zer dela eta Donostialdea Bizikletan izena?
Donostia inguruko herrietan ere hainbat jarduera egiten ditugu, eta herri horietako txirrindulariak ditugu taldean. Hau dela eta, ez genuen Donostiara mugatu nahi gure izaera. Azken finean, klubaren identitatea hobeto ordezkatzen du Donostialdea izenak Donostiak baino.
Bestalde, publizitate kontuetarako ere asko laguntzen du. Donostia inguruko herrietako enpresa askok, adibidez, ez dute Donostia izena duen talde batean inbertitu nahi, baina Donostialdea izena gertukoagoa egiten zaie.
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan ere aldaketak izan dira, ezta?
Urrian izan zen aldaketa, eta gauza berriak ekartzen ari dira orain agintean daudenak. Aurten, adibidez, lehenengo aldiz egon gara hiru eguneko Txuma biran. Bizkaian egiten den nazioarteko lasterketa bat da, eta izen ona du.
Federazioko kide berriak halako lasterketetan parte hartzea bultzatzen ari dira. Lehengo zuzendaritzak ez zuen halako lasterketetan parte hartzen uzten, Gipuzkoako lasterketa batzuen egun berdinetan egiten zirelako. Txirrindularien garapenerako garrantzitsua da halako lasterketa handietan parte hartu ahal izatea.
Ondo dator, adibidez, ikusteko kanpoan maila handiko txirrindulariak daudela. Gipuzkoako txirrindulari gazte batzuei pasatzen zaie: hemen asko irabazten dute, eta oso onak direla pentsatzen dutenez, erlaxatu egiten dira.
Aldaketa bi hauekin, hobekuntza nabaritu duzue?
Bai, maila ona izateari garrantzia ematen hasi zaiola uste dut. Lehen, hemen ibiltzea lehenesten zen; orain, lasterketen maila handitzea izan behar da helburua. Lehen, pentsaezina zen Espainiako Kopan aritzea, baina uste dut urte gutxi barru lortu dezakegula.
Zenbat txirrindulari dituzue orain taldean?
40 txirrindulari inguru ditugu. Nesken taldearen egoera zaila da, eta datozen urteetan hori indartu nahi dugu. Aurten hiru neska dabiltza gurekin; bi kadete mailakoak dira, eta kategoria horretan lasterketetan parte hartu ahal izateko hiru txirrindulari behar dira. Beste talde batek ere bi zituen, eta bi txirrindulari hauek utzi dizkiegu, denboraldi honetan lasterketetan parte hartu zezaten. Hala ere, haur mailako neska bat ere badugu datorren denboraldian, eta hiru kadete izango direnez, neska taldea izango dugu.
Zein kategoriatan dituzue txirrindulariak?
Kimu, haur, kadete eta gazte mailakoak ditugu txirrindulariak.
Senior mailakorik ez?
Gure taldea formakuntza kluba da, eta ezin dugu 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindularirik izan. Kategoria horietan aritzeko egitura handiagoa behar da.
Pistako txirrindularitzan ere aritzen zarete?
Bai, errepidearekin uztartzen dugu, eta saiatzen gara txirrindulariei ziklokrosean aritzeko baliabideak ere ematen. Donostia oso euritsua da, eta belodromoa dugunez, neguan ondo dator entrenatzeko eta lehiatzeko.
Nola joan da testuinguru berezi honek baldintzatutako denboraldia?
Pistan ezin izan dugu ezer egin aurten, baina errepidean bai. Egia esanda ondo joan da, eta ez da ia COVID-19 kasurik izan. Kanpoaldean egiten den kirol bat da, eta abiadura handia hartzen dutenez, partikulak ez dira haien inguruan geratzen.