"Bizitzak esango du nora joango naizen, baina sormenaren bidetik izango da"
Bakarka, taldean, mozorrotuta eta normal jantzita aritzen da Gartxot Unsain (Egia, 1987) musikaria eta abeslaria. Zeresana eman du mozorrotuta eta bertsioak eginez, eta iazko konfinamenduan egindako ehundik gorako moldaketei esker oihartzuna izan du. Ordea, ez da hasiberria, eta urteak daramatza kontzertuak ematen. Madeleine, Bi Zaldi, Bananas eta Grises taldeetako kide da egun, eta bakarkako proiektu pertsonalena prestatzen ari da.
Horrelako batean, txakur mozorroarekin hasi zinen kantuan. Noiz eta nola gertatu zen?
Egiako Bakarrik Hobeto Fest jaialdian izan zen. Unai Pelayok antolatzen zuen Le Bukowskin. Jotzeko proposamena egin zidan, eta hantxe izan nintzen Raitx, Nahia Zubeldia eta Pettirekin. Lehen aldiz aritu nintzen bakarka, eta uste dut Raitxentzat ere bakarkako lehen esperientzia izan zela. Nik ez nuen abesti propiorik, soilik nire taldeentzat egindakoak ziren. Garai hartan John Berkhout taldean jotzen nuen, eta kide batek efektuen pedal bat utzi zidan. Horrekin zerbait egitea erabaki nuen.
Kontzertua eman eta bi astera Mutrikuko txiringitoan jotzeko deitu zidaten. Geroztik lau urte pasa dira, eta, besteak beste, Farandulan, Marruman eta Miarritzeko Atabalen jotzeko aukera izan dut. Azken batean, alokairua ordaindu egin behar da.
Ez dakit, txakurrarena denborapasa bitxi bat da, ate batzuk ireki dizkidana. Askotan pentsatzen dut zenbat saiatzen garen eta zein nekeza den bidea, eta gero halako proiektu batek irekitzen dizkizu ateak. Pozik nago, baina bitxia ere bada.
Eta mozorro hori zergatik?
Bakarrik Hobeto Fest jaialdi hori inauterien arratsaldean izan zen. Etxean jantzi ginen Up filmeko pertsonaiez. Itzal laguna aitonaz mozorrotu zen, tenis piloten makila eta guzti. Ugaitz nire pisukide eta lagun mina Russell haur potoloaz mozorrotu zen, eta ni txakurraz, lepoko eta guzti. Hain zuzen ere, John Berkhout taldekoek beraien bideoklip batean erabilitako txakurraren mozorroa utzi zidaten. Horrela, taula gainera mozorrotuta igotzea erabaki nuen. Gainera, tabernan bazeuden batzuk mozorrotuta. Hasieran mozorro osoa erabiltzen nuen, baina sekulako beroa ematen zuenez, buruarekin bakarrik geratu nintzen. Hori bai, garbitu behar dut, urte asko pasa direlako. Geroztik izan da branding moduko bat. Barre egiteko zerbait da, benetan pentsatutakoa baino.
Hasiera batean, bertsioekin hasi zenuen bakarkako bide hori, baina orain kantu propioak ere jotzen dituzu.
Betidanik konposatu dut. Musika jotzen hasi nintzenetik. Asko gustatzen zait konposatzea. Bi Zaldirekin itzuli zen bertsioak egitearen indar hori. Momentu triste batean entzundako maitasun abesti bat euskaratzeko gogoarengatik jaio zen Bi Zaldi. Txustari [Beñat Antxustegiri] esan nion kantu horren bertsioa egin nahi nuela, bihotza hautsia nuelako eta bizitzari zentzua topatu nahi niolako. Oso polita geratu zen, eta handik aurrera, kanpoko gustuko kantuak euskarara ekartzeko grina piztu zitzaidan. Txakurrarekin ere bide hori jarraitu nuen.
Nik Madeleinekin konposatzen dut. Bananas taldeari eman dizkiot ideia batzuk. Bi Zaldiren abesti askoren akordeak ere nik atera ditut. Txustak bikain jotzen ditu. Uste dut beti eduki dudala sorkuntza propioaren eta konpartituaren arteko bizikidetza hori. Batzuetan, bizikidetzan oinarritzen diren taldeetan koka dezakezu sormen propioa, eta agian ideia batek ez du konektatzen taldean duzun dinamika horrekin, eta zuretzako hartzen duzu, zure abesti gisara. Edo zure lehengusuari [Aroa Lasa] grabatzen diozun disko berrian sartzen duzu Madeleinentzat zenuen ideia bat, buelta bat emanda. Ideiak ez ditut erreserban izaten. Ateratzen diet beti aldaera moduko bat. Ez bada niretzat, konpartitzen dudan talderen batentzat izango da. Melodia onak ez ditut uzten hor nonbait.
Hausnarketa gisara, esan nahi nuke nik asko sinesten dudala neure buruan eta asko maite dudala neure burua, baina bai, txakurrarekin bakarrik hasitako bidea ahalduntze prozesu bat izan da. Gai izan naiz trenean Mutrikura joateko gitarra eta motxilarekin. Txiringitoan dena prestatu eta jendea ondo pasarazteko gaitasun indibiduala badaukadala konturatu naiz.
Bertsioekin jarraituz, konfinamenduan asko egin zenituen eta horiek denak bideoan grabatu. Zenbat dira?
Ez dakit. Nire asmoa ehun egitea zen, eta egin nituen. Halere, gertuko positibo batengatik hamar bat egun eman nituen konfinatuta. Orduan beste bederatzi egin nituela uste dut.
Zergatik ehun?
Kulturaren inguruko iritzi, aldarrikapen eta hausnarketa gehiegi ikusten nituen, eta, beti bezala, ekintza gutxiegi. Hitzen frikia naiz eta hitz jasoak erabiltzeko gure joerari erreparatu nion. Esaldi hau eredu: ‘kultura ehundu behar da’. Ehundu hitzak berak atentzioa ematen zidan, berez jostearen sinonimoa da, baina ‘ehun du’ ere bada. Hau da, ehun bihurtzea, nire buruan behintzat. Orduan, ehundu egin behar da kultura? Bada, ehun bertsio egingo ditut. Nire buruan bakarrik zentzua duen hitz joko batean oinarritu zen hori egiteko nahia.
Larunbat batean hasi nintzen esanez astebete barru konfinamendutik aterako ginela. Ordea, hiru hilabete luze izan ziren azkenean. Cupidoren abesti bat izan zen aurrenekoa, asko gustatzen zaidana; La Pared. Jarri nuen Instagramen ea bertsioren bat egitea nahi zuen jendeak, eta eskaera asko jaso nituen. Zerrenda hor daukat eta ez dakit denak egin ahal izango ditudan. Pixkanaka hasi nintzen, eta ikusi nuenean konfinamenduak luze joko zuela, egunero bertsio bat edo bi egunean bat egiteko ohitura hartu nuen. Niri ikaragarri lagundu zidan. Goizean jaiki, ariketa pixka bat egin, gosaldu, abestia aukeratu, ohean etzan, bazkaldu bitartean letra egin, arratsaldean grabatu, ordenagailuan editatu, … Egun osoa hartzen zuen prozesua zen. Asko gozatu nuen.
Nire altxor bat dela esango nuke. Konfinamenduan sentitu nituen sentimenduen bilduma bat da, erabat pertsonala. Balio infinitua du niretzat.
Bertsio gehiago egiteko asmoa duzu?
Ez ditut gauzak horrela pentsatzen. Berriz konfinatzen bagaituzte agian berriz hasiko naiz. Baina egun batean Benito Lertxundiren Nire herriko neskatxa maite kantatu nahi badut harmonizatzailearekin eta bideoa igo nahi badut, egingo dut.
Talde kontuetara itzulita, nobedaderik ez zaizu falta. Madeleinekin ‘Ezin dena’ laugarren diskoa argitaratu berri duzue. Ez da garai onena, baina ez da ezinezkoa musika plazaratzea, ezta?
Ez, noski. Madeleine ez dakit garai honen neurtzaile onena izan den. Oso barrura begirako taldea da, kuadrillakoak gara. Horrela suertatu da. Su Hura hirugarren diskoarekin orain arteko harrera sendoena izan genuen, plaza ederretara eraman gintuen, eta gero 2020 alua etorri zen pandemia batekin. Ideia batzuk bagenituen, horiek fintzen joan ginen eta murrizketak murrizketa pasa den urtean lokalean osatu genituen, eta urte bukaeran grabatzen hasi ginen. Benitoren osasun arazo batzuk tarteko, Su Hura Madeleinen hiru urteko ideia desberdinen arteko fusio bat izan zen. Abesti batzuk hiru urte zituzten, eta beste batzuk estudiora sartu baino bi aste lehenago bukatu genituen.
Azken diskoa, berriz, momentu jakin batean denok batera egindako zerbait dat. Uste dugu nabaritzen dela, edo talde barruan gehiago nabaritzen dugu. Kontziente gara ez dela momentu onena, baina ez du zentzurik urtarrilerako bukatuta zegoen diskoaren aleak garajean gordetzea. Argitaratzea erabaki genuen jendeak gozatu dezan, eta datorrena datorrela. Eta begira, Dabadaban aurkezpen kontzertu bikoitza egin genuen, bi egunetan dena salduta. Sold out asko eta soldata gutxi esan ohi dut. Egia esan, ilusioa egiten du. Gainera, gure jarraitzaile multzoa oso familiarra da. Denak ezagutzen ditugu. Sentitu genuen entsegu lokalean geundela. Oso ondo jo genuen.
Orain egoera pertsonal on batzuk dauzkagu, bizitza datorrelako taldera, eta gero helduko diogu datorrenari. Baditugu bi kontzertu lotuta iraila edo urrirako. Baina, lasai ibiliko gara, gustuko dugun bezala.
Iraganean utzi dituzue talde instrumentalaren eta post-rock musikaren etiketak. Eboluzio natural baten emaitza da egun Madeleine?
Bai, erabat. Pentsatzen dut eboluzio naturala denok daukagula pertsona gisara. Eboluzionatzen ez duena, aio. Hasteko, datuak. Gure lau diskoetan ahotsa dago. Orduan, ez gara talde instrumental bat. Hasieran, instrumentalagoak ginen, entzuten genituen bandengatik. Lehen diskoa kaleratuta, gutako batek elkarrizketa batean esan zuen ahotsik ez genuela behar. Dena dela, betidanik izan gara entzule gisa melodia duten ahotsen zaleak, eta orduan pixkanaka joan gara gure abestietan hori txertatzen. Post-rock etiketa, berriz, aingura moduko bat izan da guretzat. Agian, gure musika horrelakoa zelako, baina eboluzioa izan du. Halere, post-rockarena guretzat txiste bat da, eta horri barre egiteko aurreko diskoan kantu bat eskaini genion.
Lau pertsonen ideiak dira Madeleine, horrela sentitzen dut. Gitarra, baxua, ahotsa, melodia eta energia. Hasiera batean hori musika tresnetan zegoen, eta orain denek sortzen dute. Nire ustez, laugarren disko hau askoz hobea da lehenengoa baino. Madeleinen esentzia laugarren disko honetan dagoela uste dut.
Bananasekin, berriz, ‘Garun ta Eztarri’ lan berria plazaratuko duzue laster. Proiektua berreskuratu duzue?
Bananasen historia oso sinplea da. Orain dela urte batzuk, Touche Amore taldeak Stage Four diskoa argitaratu zuen. Nire banda kutunetako bat da, eta bikaina iruditzen zait disko hori. Gogoan dut, hainbat taldetan aritzen garenok parranda batean erabaki genuela aipaturiko diskoa euskaratzea. Deliberatua izan zen. Hasiera batean, Iri, Itzal, Xabi, Ruben eta ni elkartu ginen. Hau da, Adrenalized, Madeleine, Hyedra eta Cohen taldeetako jendea. Berehala egin genituen Azal bat urdina lehen lan laburreko bost abestiak. Adrenalizeden lokalean grabatu genituen, Amaran, Lolorekin. Hau da, etxean bezala. Soilik kantuak grabatzea erabaki genuen, baina zuzenean jotzeko asmorik gabe.
Iaz, pandemia egoerarengatik berriz elkartu ginen lokalean. Ulia abestia urtarrilean egin genuen. Letra guztiak izan dira lokalean egindakoak, momentuan idatzitakoak. Urtean zehar zortzi abesti egin ditugu. Jacan asteburu bat egon ginen, eta han bi abesti konposatu genituen hiru egunetan. Lokalera joan eta aurrekoa bezala grabatu genuen. Hainbat zigilurekin elkarlanean kaleratuko dugu, eta binilo formatuan.
Azala eta kantu bat aurreratu dituzue. Esanguratsua da azala, besteak beste, Urgull, Txiribiton eta Surper Bat ageri direlako. Zergatik?
Erabaki genuen collage moduko bat egitea, abestietan aipatzen diren gauzekin. Urgullera ia egunero joaten naiz, Txiribiton eta Super Bat gure txikitako zerbait da, hor dago burmuina, tabakoa, ni erretzailea naizelako… Kolore morea ageri da, nire kolore gustukoena delako. Ander Tejasek sekulako lana egin du azalarekin. Asko gustatzen zait, oso deigarria da. Dituzun pentsamenduak eztarriaren bitartez askatzeko prozesu horri egiten dio erreferentzia izenburuak. Gainera, fonetikoki asko gustatzen zait.
‘Ulia’ abestia da estreinatu duzuena. Letrak ez du auzoaz edo mendiaz hitz egiten, ala bai?
Kontatzen den maitasun istorioaren pasarte bat Uliako behatokian gertatu zen. Beraz, bai, lotura du.
Zein asmo talde honekin?
Ez daukagu zuzenean jotzeko asmo handirik, baina joko dugu. Garun ta Eztarri diskoaren sortze prozesuan piztu da jotzeko harra. Dena dela, guretzako ez du zentzurik kontzertu bat ematea publikoarekin eserita. Bananasekin nire burua dena ematen ikusten dut, ikusle bat besarkatzeko gogoarekin eta gero zorabiatzeko. Ordea, bizi dugun testuinguruan ez da posible. Beraz, ez dugu presarik kontzertu horiek emateko. Egiten dugunean epikoa izan behar da. Nire etorkizun ideala izango litzateke denak elkar besarkatzen, jotzen, izerditan, mikroarekin kantatzen… Horrelako lau-bost kontzertu eman eta kito.
Letrak idazten dituen musikaria zara. Zure proiektuetarako ez ezik, beste taldeentzat ere idatzi dituzu. Esaterako, Hyedra, Merina Gris eta Nerabe taldeentzat. Gustuko duzu idaztea?
Niretzako idaztea parentesi moduko bat da. Kostatzen zait gauza bakarrean kontzentratzea, eta soilik hitzak idazterakoan lortzen dut. Kontzentrazio maila gorena lortzen dudan modu bakarra da.
Txikitatik izan dut idazteko joera. Literatura zaleagoa nintzen orduan, eta ipuin lehiaketetan parte hartzen nuen. Gerora, poesia gehiago idazten nuen, eta orain, batez ere, letrak. Literatura, poesia eta gustatzen zaizkidan gauza asko bateratzen dituelako. Asko gozatzen dut. Erronka gero eta zailagoa bada, gehiago gozatzen dut.
Badirudi jendeari nire hitzak gustatzen zaizkiola. Lagunen taldeentzat letrak idatzi ditut, eta oso pozik nago horrekin. Dena dela, jende askok esan dit ez nukeela hori musutruk egin behar. Sormenak balio bat duela diote, baina niri zaila egiten zait mesede batengatik dirua eskatzea.
Musikagintzari dagokionez, atzera begira jarriko gara. Yaw taldea izan zen zure abiapuntua musikari eta abeslari gazte gisara. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Ez zen nire lehen esperientzia musikala izan, aurrez jendaurrean tronpeta eta soinu txikia jo nituelako. Familian ere betidanik abestu izan dugu. Yaw taldearen historia 18-19 urte nituenean hasi zen. Nire kuadrillan kontzertuak ikusteko ohiturarik ez zegoen, eta orduan bakarrik joaten nintzen Mogambora eta Guardetxera. Leku horietan ezagutu nituen Cohen taldeko Ruben Cohen, Krilin bandakoak, eta beraiek esan zidaten lagun batzuk gitarra baten bila zebiltzala. Nik ez nekien jotzen, baina saiatuko nintzela erabaki nuen. Horrela hasi ginen 2006. urtean Egiako kultur etxean. Ezagutzen ez nituen Amara Berri eta Ikasbideko hiru pertsonekin elkartu nintzen; Benito, Gorritxo eta Duorekin. Garai horretan zegoen nu metalaren kopia eskas bat egiten saiatu ginen. Teknika falta pasioarekin konpentsatzen genuen, eta horrek bihurtu gintuen erakargarri.
Oso positibotzat dut garai hura. Gaur egun, nire bizitzaren ikuspegi eta balioen oinarrizko gauza asko garai hartan lortu nituelako. Helbururik gabe musika pasiotik egitearena. Zenbakiak, bisitak eta filtroak baino lehenago bazegoen bakarrik laguntasunean eta bihotz onean oinarritzen zen zirkuitu bat. Egun egongo da, baina lausotu dela uste dut. Sentitzen dut bizi izan genuela gure musika ibilbidearen hasieran musikaren oasi politena: leku batera joatea jotzera, afaria, edaria eta gasolinaren truke. Familia erraldoi baten sorkuntza bezala ikusten dut. Gure ibilbidean izan dugun kapital handiena da gizatasun hori, eman duguna eta jaso duguna. Niretzat ez dago hori baino arrakasta handiagorik.
Abeslari gisa izan duzun eboluzioa ere azpimarratzekoa da. Melodiko kanta zenezake, eta baita ahotsa hainbat modutara urratu. Kontatu pixka bat izan duzun garapena.
Txikitan, etxean arrebarekin eta familiarekin abesten nuen. Gogoan dut arrebarekin Back Street Boys, Mambo No. 5 eta Mikel Markezen abestiak kantatzen nituen. Yaw taldearekin, ordea, konturatu nintzen intentsitatearekin kantatzea posible zela, oihukatzen. Erregistro berri horretaz jabetu nintzen. Diafragma erabiltzen ikasi nuen, ahotsarekin beroketak egiten. Madeleinekin, berriz, modu estandarragoan abesten dut.
Txakurraren harira, berriz, modulazioaren mundua ezagutu dut. Ahotsarekin efektuak egiteko pedal bat utzi zidaten. Ez da autotunea bere horretan, ahotsa modulatzeko balio duelako. Artista askok dituzten gabeziak estaltzeko erabiltzen dute autotunea, baina hori orokortzea okerra iruditzen zait. Etxean orduak pasa ditut modulazioa lantzen, eta izugarri lagundu dit intonazioan. Zure eztarria behartzen du, eta tonu altuagoetara iristeko aukera ematen dizu. Ziurtatu dezaket pedal hau onuragarria izan dela nire ahotsarentzat.
Musikaria ez ezik, kazetaria ere bazara. Gauzak egin dituzu kazetari gisa. Adibidez, ETBn erreportari gisa ibili zinen saio batean. Gustuko duzun mundu bat da komunikazioa?
Idazteko joera oso presente neukan, zinema ere bai, eta orduan erabaki nuen Leioan Ikus-entzunezkoak ikastea. Nire bizitzako lau urte politenetarikoak pasa nituen Leioan, baina akademikoki ez zidan ekarpenik egin. Eta zerbait izatekotan, musikarekiko nuen zaletasun hori barneratzen lagundu zidan. Kazetaritza ez zait horrenbeste gustatzen, kazetaritzaren kodea, bereziki. Nire kode propioa garatzeko gogoa sentitu nuen. Sormena nire bizitzaren erdian jartzeko gogoa. Nahiago dut Merina Grisen letra egin erreportari izan baino.
Dena dela, ETBn hiru hilabetez aritu nintzen erreportari gisa. Nire burua ordura arte ezezaguna zen testuinguru batean jartzeko erronka gisa hartu nuen. Erreportaria ez naiz inoiz izan, eta saiatzea erabaki nuen. Orain egiten dudan balorazioa da nahiago dudala letrak idatzi eta txiringitoan jo. Baina horrek ez dit bizitzeko ematen, eta hau soldata finko bat zen. Gustuko aukera gisa ikusten nuelako eta soldata bat zuelako onartu nuen. Hori bai, ez zuen asko iraun.
Hemendik aurrera, abeslari eta musikari gisa zein erronka dituzu?
Aurten autonomo egin naiz, lehen aldiz. Parean tokatzen zaizkidan aukerak probesten ari naiz. Une honetan, bakarlari gisa nabil, jendeak deituko zain. Antzerkigintzan ere banabil Atx teatroa konpainiaren Lubaki lainotsua antzezlanaren soinu banda egiten. Bestalde, Kutxa Kultur-eko beka irabazi duten taldeei aurkezpenak eta elkarrizketak egiten ari naiz. Zuzeneko musikari dagokionez, Madeleinekin duela gutxi bi kontzertu eman ditugu, eta Grises taldearekin ere jotzen jarraitzen dut.
Baina, batez ere, nire proiektu pertsonalean nabil buru-belarri. Ez dauka eperik. Musika prest daukat, eta musika hori bilduko duten antzerki eta dantzan oinarritutako sei bideo egiten ari naiz. Nire proiektu pertsonala saiatuko naiz behar bezala munduratzen, merezi duen maitasuna emanez.
Eta orain arte bezala, bizitzak esango du nora joango naizen, baina sormenaren bidetik izango da.