Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofizialean behin-behineko partaidetza iragarri dute
Donostiako Udaletxean aurkeztu dute gaur goizean 40. Donostiako Klasikoa. Ibilbide ofizialen, aldaketen eta behin-behineko partaidetzaren berri eman dute. Hilaren 31n jokatuko da emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketa.
Besteak beste, ondorengo ziklistak izango dira Bulebarreko irteeran: Julian Alaphilippe Munduko txapelduna eta Lucy Kennedy Klasikoaren irabazlea; Jonas Vingegaard Tourreko bigarren sailkatua eta Wilco Kelderman Tourreko bosgarren sailkatua; Bauke Mollema Klasikoaren irabazlea; Mikel Landa, Ane Santesteban eta Eider Merino euskal ziklistak; eta Simon Yates, Miguel Angel Lopezeta Daniel Martin.
Ibilbideak
Emakumeek 139,8 kilometro egin beharko dituzte. Donostian hasi eta amaituko da, eta lau mendate igoko dituzte. Lehena Aiako igoera izango da, Oriotik, eta Jaizkibel bigarrena, Lezotik. Irundik Donostiara bidean Gurutze igoko dute, eta tarteko bi sprint egingo dira: Irunen lehena, eta Donostian bigarrena. Donostiako tarteko sprintaren ostean, Igarara joango dira, eta Murgil Tontorra igoko dute, azken urteetan egin bezala. Hortik Donostiara jaitsiko dira, eta Bulebarrean amaituko da lasterketa.
Gizonezkoek, berriz, 223,5 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Donostian hasi eta amaituko dute lasterketa, baina sei mendate igoko dituzte. Lehena 60. kilometroa izango da, Azkarate. Handik Azpeitiara jaitsiko dira, eta Urraki mendatea igoko dute, eta Tolosara jaitsi. Handik Alkiza igoko dute, eta hortik aurrera gora-beherako eremuan ibiliko dira, 50 kilometroz. Jaizibel izango da hurrengo mendatea, eta Hondarribian tarteko sprinta egingo dute. Hortik zuzenean Erlaitz igotzera joango dira, eta hortik Donostiara. Nesken moduan, Donostian tarteko sprinta egingo dute, eta hortik Murgil igoko dute. Ondoren, Bulebarrean amaituko da.