Donostia da gutxien birziklatzen duen herria
Eguzki Talde Ekologistak Donostiako gaikako hondakinen 2020ko San Marko Mankomunitateko datuak aztertu ditu. Azkenaldian, herritarrak kontzientziatzeko birziklapenaren aldeko kanpainak ugaltzen ari direla dio taldeak, baina “itxurakeria” eta “greenwashing-a” egitea egotzi die erakundeei.
Datuak aintzat hartuta, Donostia izan zen iaz gutxien birziklatu zuen herria. Hiriko hondakinen %43 besterik ez zen bildu gaika, eta mankomunitatearen batez bestekoa %52koa izan zen. Astigarraga, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil dira beste herriak. Lasarte-Oria izan ezik guztiak kokatzen dira batez bestekoaren gainetik. Horrez gain, San Marko da Gipuzkoako gaikako bilketa gutxien egiten duen mankomunitatea. Gipuzkoako batez bestekoa %57,98koa da, eta Donostia hamabost puntu azpitik egon zen.
Bestetik, Eguzkiko kideen ustez, hau ez da “kontzientziazio kanpainak” ugaltzen konponduko, eta ez dago “herritarren kontzientzia ekologikoaren” esku. Neurri “eraginkorrak” hartzeko beharra azpimarratu dute: “sistemaren eraginkortasuna erabakigarria da”. Azkenik, Donostiako Udalak birziklatzearen erantzukizuna herritarron esku uzten duela salatu dute. “Itxurakeriak alde batera utzi eta beraiek kontzientziatu daitezela”.