Maialen Chourrautek finalean sartzea du helburu
Biharko finalerdiari eta finalari begira dago Maialen Chourraut piraguista. K1 kayak modalitatearen finalerdia 07:57ean (Euskal Herrian) izango du, eta finalera sailkatuz gero 09:15ean ariko da. Donostian jaio eta Lasarte-Orian hezitako kirolariak adierazi du amets bat eta helburu bat duela: “Ametsa da domina, berdin zait ze koloretakoa den. Helburua da Maialen azkar eta sendo bat uretan ikustea”.
Kasai eslalom piraguismoko zentroan lortu beharko du helburua. “Guztia da zaila. Lehiaketa hastea ere ez da erraza, baina egia da finalerdietatik aurrera egiteko hor egon behar dela. Gainera, zirkuitu berria izango dugu, eta berriz ere urduritasun horiek barruan izango ditugu”, adierazi du Chourrautek.
2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan urrea irabazi zuen, eta Euskal Herriko emakume kirolari bakarra da domina hori eskuratu duena.