Eneko Goiak dio etxeratze aginduak kaleko edana eta jende pilaketen kudeaketa erraztuko lukeela
Aste Nagusia ospatzen den garaia hurbiltzen ari dela eta, Eneko Goia alkateari ez-jaietan gerta daitezkeen jende pilaketen inguruan galdetu diote. Goiak adierazi du kaleko edana eta jende pilaketak saihesteko neurriak mantenduko dituela udalak. Horrela ere, aipaturiko gertaerak ez direla orokortu behar esan du: “Gazte batzuen jokabidea ez da zuzena, baina gutxi dira. Ez da zuzena arazoa orokortzea”. Gertatzen ari denaren “kezkatuta” daudela gaineratu du, eta datozen asteetan “tentuz” ibiliko direla.
Etxeratze aginduari dagokionez, Goiak ez du zehaztu beharrezkoa iruditzen zaion ala ez, baina lagungarria izan daitekeela aitortu du. “Etxeratze aginduak erraztu egingo luke horrelako egoeren kudeaketa, saihestu egingo lituzkeelako”.